Euskaraldiko furgoneta zapatuan ailegatuko da Eibarrera

Euskaraldiko furgoneta zapatuan ailegatuko da Eibarrera
2022/11/10 eta kitto!
Herriz herri dabil Euskaraldiaren gune ibiltaria, eta zapatuan (azaroak 12) ailegatuko da Eibarrera. Furgonetaren helburua bikoitza da. Batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa eman eta izen-emateak bilduta. Eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute, aholkuak eta bestelako pilulak emanez.

Untzagan jarriko dute furgoneta zapatu arratsaldean, 18:00etatik 21:00ak arte, eta bertan egongo dira txapak banatzen, izen-emateak egiten, leiho eta balkoietarako banderolak saltzen... Eguraldi txarra eginez gero, Errebal Plazara joango dira. Bestalde, azaroaren 17an Urkizun jarriko da mahaia. 17:00etatik 18:30era.

Azaroaren 17ra arte eman daiteke izena. Nola egin daiteke? Horretarako euskaraldia.eus webgunea dago, baina baten batek online egiteko arazorik baldin badu, aurrez aurre egin dezake Klub Deportiboan, ...eta kitto!-n, AKEBAIren bulegoan, AEKn edo Udal Euskaltegian.

...eta kitto! astekarian kaleratutako ALBISTEA