Hizkuntza ohiturak astintzeko 11 egun

Hizkuntza ohiturak astintzeko 11 egun
2018/10/05 09:07
eta kitto!
Ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko asmoarekin sortutako ariketa soziala da Euskaraldia. Gertu daukagu, urtebeteko prestaketa lana egin eta gero azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gauzatuko delako Euskal Herriko ehunka herritan. Ahobizi, Belarriprest edo Bihotzgoxo, zabalik dago egitasmo honetan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Gainera, Eibarko Hamaikakoa prest daukagu, hamaikako gehiago eratzeko gogoz.

 

Parte hartzaile bakoitzak rol bat aukeratuko du Euskaraldian hartzen duen konpromisoaren arabera. Ahobizia izatea erabakitzen baduzu, euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei, nahiz eta eurek erdaraz erantzun. Belarriprest rola hartuz gero, euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu, eta zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu. Eta Bihotzgoxoa izanez gero (Eibarren erabiliko den rola da), nahiz eta euskara ez ulertu, pozik hartuko duzu Ahobizi edo Belarriprestek zuri lehen hitza euskaraz egitea eta, taldean zaudenean, ondo ikusiko duzu Ahobiziek euskaraz egitea. Kasu guztietan gutxienez 16 urte eduki behar dira parte hartu ahal izateko eta azaroan zehar bereizgarriak banatuko dira parte-hartzaile bakoitzak zein rol aukeratu duen jakiteko.

 

Izena emateko epea zabalik

Irailaren 20an zabaldu zen Euskaraldian izena emateko epea eta Eibarren Akebai plataformaren webgunearen bitartez egin daiteke (www.akebai.eus/euskaraldia). Akebaik sustatu eta aktibatuko du Euskaraldia Eibarren. Urtean zehar Hamaika Berbaldi egitasmoa martxan jarri eta orain dela pare bat aste bilera informatiboak eskaini bazituen ere, azaroaren 23a iritsi baino lehenago gehiago berotuko du Euskaraldiaren inguruko giroa. Horren adibide dira Miren Gisasola eta Malen Illarramendi, 11 egunetan Eibarren euskara hutsean nola bizi izan diren erakutsi diguten bi neska gazteak. Egunero bideo labur bat aurkeztu digu bikoteak, Euskaraldian eman daitezkeen egoeren erakusle.

Ane Sarasua, Arrate Balentziaga, Eva Egiguren, Felix Morquecho, Ghita Ourdi, Iokin Elortza, Juan Jose Flores, Mari Jose Iriondo, Mireia Alonso, Pello Osoro eta Zaloa Urainek osatzen dute Eibarko Hamaikakoa. Ekimenaren enbaxadore izango dira eta herrian hamaikako gehiago eratzeko aktibazio lana egingo dute. Zuen inguruan Euskaraldian parte hartzeko hamaika laguneko taldea badaukazue, hamaikakoa osatu eta Euskaraldiaren mezua zabaltzeko gonbitea egiten dute antolatzaileek.

 

Doinu propioa

‘Hartu kontrola, aukeratu rola’ da Euskaraldiko abestiaren izenburua. Musikaren lau ardatz ezberdinetan hazi diren ibilbide luzeko lau sortzailek osatu dute kantua, Las Tea Party, La Basu, Ines Osinaga eta Maddalen Arzallusek. Bertso, soinu tradizional, rap eta elektronika doinuak ditu abestiak, lau sortzaileek euskararekiko izan duten harreman ezberdinaren erakusgarri.

Euskaraldiak Bandcamp webgunean daukan orrialdean entzun daiteke abestia, euskararen ekosistema aldatu dezaketen lehen doinuak.