Idoia Etxeberria, 101 L egitasmoa: “Aniztasun linguistiko eta kulturala jaso eta ezagutaraztea da gure helburua”

Idoia Etxeberria, 101 L egitasmoa: “Aniztasun linguistiko eta kulturala jaso eta ezagutaraztea da gure helburua”
2022/03/17 eta kitto!
Atzo, martxoak 16, izan zen ...eta kitto! Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen Euskararen Transmisioa eta Sozializazioa izeneko Mintegia.

101 L proiektua Badihardugu Euskara Elkarteak sortu zuen Donostialdean hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko eta, pixkanaka, Euskal Herri osora zabaldu da. Jatorri askotako pertsonak aritu dira elkarrizketatzen eta, hizkuntzekin batera, haien esperientziak eta iritziak ere jaso dituzte, batez ere 3 gairen inguruan: eleaniztasuna, emigrazioa eta integrazioa. Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak ezagutaraztea da webgune honen helburu, eta Ahotsak.eus Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen dituen webgunearen barruan dagoen egitasmoa da.

101l.ahotsak.eus webgunean jasotako bideo gehienak euskeraz eta gaztelaniaz daude. " 2015ean hasi ginen Donostian eta Euskal Herri osora zabaltzen joan gara. 250 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, eta 101 hizkuntza baino gehiago jaso ditugu", azaldu zuen Idoiak. Webgunean material guztia jasotzen da eta bilaketa modu desberdinetan egin daiteke, izenaren arabera, herrien arabera, proiektuen arabera... Bideoak gaika ere antolatuta daude (abestiak, euskara nola ikasi duten...) eta hizkuntza guztiak azalpen  batekin datoz.

"Zumaia eleaniztuna" delakoan 35 hizkuntza jaso dituzte. "Elkarrizketatu guztiek ikusten zuten euskara baliogarria dela integraziorako eta batzuk euskara ikasten ari ziren. Asko seme-alaben bidez gerturatzen dira euskarara".esan zuen Idoia Etxeberriak.

Elgoibar eta Eibarren ere  jardun dute lanean, bi herrietako udalen eta Eibarren Akebairen laguntzaz. Ikastetxeetako aniztasuna jasotzea izan da helburua eta "Aniztasuna ikasgai" izena jarri diote ekimenari". Idoiak esan zuenez, "30 persona elkarrizketatu genituen 9 ikastetxetan, ikasleak eta gurasoak, eta lau ikusentzunezko prestatu genituen", esan zuen. Horrez gain, ikasmateriala sortu dute herri bakoitzerako. Ondorioak garbiak dira: denek ikusten dute euskara baliogarria dela integraziorako; baina kalean erdararako joera handiagoa dago eta horrek zaildu egiten du. Aurreiritziak daudela ere esan dute: "Esate baterako, buruan zapia badaramate askotan pentsatzen dugu ez dakitela euskaraz", azaldu zuen.

Hala ere, oso jarrera ona dela azpimarratu zuen Idoiak. Urretxu-Zumarragan 60 hamarkadan etorritakoekin egon dira. "17 pertsona elkarrizketatu ditugu han. Askotan ez zaie hitza eman eta ahalegin handia egin dute euren seme-alabak euskara ikas dezaten. Hori balioan jartzea da helburuetako bat".