Jon Iraolak irabazi du Iritziketan iritzi-artikulu lehiaketaren lehen edizioa

Jon Iraolak irabazi du Iritziketan iritzi-artikulu lehiaketaren lehen edizioa
2021/01/25 eta kitto!
AEK euskaltegiko B2 mailako eguerdiko taldekoek “Iritziketan” iritzi-artikulu lehiaketa antolatu dute. Iazko azaroan, artikuluetarako hainbat gai proposatu eta gero, “Eibar armaginaren lehena, oraina eta geroa” aukeratu zuten eta, beraz, gai horren inguruko iritzi-artikuluak idatzi dituzte lehiaketarako. Aurkeztutako lan guztien artean, Jon Iraola ikasleak idatzitako “Egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra” izenburukoa onena izan dela erabaki dute eta, horrela, bera izan da lehenengoz egin den lehiaketako irabazlea. Horrekin batera, parte hartu duten guztien artean zozketa egin eta Andoni Saezek lortu du saria. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte-hartzaile guztiei eta datorren urtean bigarren edizioa antolatzea espero dute. Argazkian, ezkerretik hasita, Andoni Saez zozketako sariduna, Jone Olaizola euskaltegiko zuzendaria eta Jon Iraola lehiaketako irabazlea.

Jarraian, lehiaketako irabazlearen idazlana irakur dezakezue.

 

EGIAZTAGARRIA, IRAUNKORRA ETA OROKORRA


1968ko ekainaren 7an, Adunan, Benemeritak altoa eman zion Seat 850 coupé bati. Dokumentazioa eskatu ondotik, Jose Pardines guardia zibila bastidoreko zenbakia ikusteko makurtu zen, matrikularekin bat ote zetorren egiaztatzeko. Momentu horretan atera zuen autoaren gidariak, Txabi Etxebarrietak, ezkutuan zeraman 7.65 kalibreko Astra pistola. Hortik ordu gutxira eman zioten altoa berriz ere, oraingoan Tolosako Benta Haundin. Aurrez pasatakoaz jakitun, bidaiariak jaitsiarazi bitartean estu eusten zioten kontroleko guardia zibilek garai hartan zuten arauzko armari: 9 mm-ko Super Star pistola.

Pardines eta Etxebarrieta zulatu zituzten balak euskal herritarrek Euskal Herrian fabrikatutako euskal pistolek tira zituzten. Gure iragan hurbilari begiratu besterik ez dago, armagintzak erabiltzen dituen eufemismoak egunerokoan nola gorpuzten diren ikusteko.

Oraindik ere, Euskal Herrian indartsu jarraitzen duen industria da. Pistolen garaia atzean utzi, industriaren berregituraketara egokitu eta, gaur egungo merkatuaren logikari jarraiki, orotariko piezen hornitzaile dira bertako enpresak: Eurofighter-arenak, Leopard tankearenak, IRIS-T misil-sistemarenak, Tigre helikopteroarenak… Nola egin uko, bada, milioika eurotako irabaziei? Erabaki-kate estrategikoen menpe, Defentsa Ministerioaren sekretupeko akordioen abaroan, ate-birakariak eta gardentasunik eza direla nagusi? Baina aizue, lanpostuak sortzen dituzte; eta, ez ahaztu, aberastasuna ere banatzen dute. Gainera, guk ez baldin baditugu fabrikatzen, ziur beste norbaitek egingo dituela, ezta?

Besterik posible dela konbentzituta egoteko arrazoiak, hala ere, egon badaude; eta are gehiago NATOri, 1986ko erreferendumean, ezezko argia esan zion edota intsumisioa zabal sostengatu zuen herrian.

Izan ere, XXI. mendean parez pare ditugun erronkak ez dira nolanahikoak: aldaketa klimatikoa, baliabide eskasia, pobrezia, gosea, gaixotasunak. Guztiek ala guztiek soluzio kolektiboen beharra dute: gauza jakina da, adibidez, nazioarteko lankidetzagatik ez balitz, COVID-aren aurkako txertoa hain azkar lortzea ezinezkoa zatekeela. Zentzuzkoagoa da, beraz, geure herriko talentua desafio kolektibo horiei aurre egitera bideratzea, elkar suntsitzeko erreminten diseinu eta fabrikazioan xahutzea baino.

Trantsizio honen paradigma bihur daiteke Eibar: alde batetik, armagintzaren tradiziotik datorren hamarkada luzetako enpresa-sare lehiakor baten jabe da; bestetik, sakon sustraitua dago herrian Armeria Eskolak edota Unibertsitateak osatutako hezkuntza-ekosistema; azkenik, geroz eta gehiago sustatzen da bertako enpresa eta instituzioen arteko elkarlana.

Bide horretatik doazela dirudi azkenaldiko hainbat erabaki estrategiko. Adibidez, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua eskaintzen aitzindari izan da bertako unibertsitatea.  Horrez gain, iaz eskualdeko enpresari-talde batek BPTD elkartea sortu zuen, robotikaren, automatikaren eta doitasun-teknologien eremuan industria-jarduera berriak elkarlanez sortu asmoz.

Azken finean, elkarlanean eta lehiakortasuna hobetuz posible da armagintza-industriatik industria-zibilerako zubia osorik zeharkatzea. Eta armagabetze hau egiaztagarri, iraunkor eta orokorra bada, are hobe: balore eta ikuspuntu estrategiko horietan oinarrituz, euskal gizartearen etorkizuna hobea izango baita.