Norbanakoek izena eman dezakete dagoeneko Euskaraldian

Norbanakoek izena eman dezakete dagoeneko Euskaraldian
2022/09/28 eta kitto!
Gero eta hurbilago dugu Euskaraldia (azaroaren 18tik abenduaren 2ra) eta gaurtik aurrera norbanakoek bertan parte hartzeko izena eman dezakete hemen.

 

Bi aukera daude Euskaraldiaren 3. edizioan parte hartzeko:

- Inoiz parte hartu ez baduzu, izena eman.

- Aurrez parte hartu baduzu, parte-hartzea berretsi.

 

Aurreko edizioetan hasitako dinamikari jarraituz, aurten ere bi rolen artean aukeratu ahal izango dute parte-hartzaileek: ahobizi (euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean) eta belarriprest (aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan).

Rol hauek hartzeaz gain, entitateetan ere parte-hartu daiteke Euskaraldian. Horretarako, bi modu daude. Batetik, ariguneak sortu daitezke, eta bertako kideek ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin.