Urteko lehen Txikitto aldizkaria banatzen dihardute herriko ikastetxeean

Urteko lehen Txikitto aldizkaria banatzen dihardute herriko ikastetxeean
2022/01/31 eta kitto!
Dagoeneko Eibarko LH-ko ikastetxeetako eskuetan dago urtarrileko TXIKITTO aldizkaria (hemen daukazu PDF formatoan). Azaleko argazkian La Salle ikastetxeko ikasleak agertzen dira. La Salle Isasi ikastetxekoek historiaurrearen inguruko lanketa sakona egin dute eta gurekin partekatu dute ikasitakoa. Oso ondo barneratu dute klasean emandakoa eta bikain mintzatu dira guzti horretaz. Adi egon, eurekin asko ikasi dezakezu eta! Hauxe da eurekin egin dugun bideoa:



“Aitxitxa-amameki berbetan” atalean, Mariangeles Espilla eta Araia Lafuente amama-ilobak elkartu ditugu oraingoan. Pozarren agertu dira …eta kitto!-ren egoitzan, eta pozik erantzun die Mariangelesek Araiaren galderei.

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, errezetak, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria.

Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.