Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Eibarren

Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Eibarren
2022/06/16 eta kitto!
Hitzez ekiteko garaia da, aurtengo Euskaraldiaren leloak esaten duen bezala. Horregatik, 2018an eta 2020an egin bezala, azaroaren 18tik abenduaren 2ra euskal herritarron hizkuntza ohiturak astinduko ditugu Euskaraldiarekin. “Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa gaitezen”, aipatu zuen atzo Joxe Mari Ulazia Eibarren Akebai plataformako kideak atzo arratsaldean Portalean egin zen Euskaraldiaren aurkezpenean.

Normalean, urte bakoitietan Korrika egiten da urte bikoitietan Euskaraldia egiteko, baina pandemiaren ondorioz 2021ko Korrika urtebete atzeratu behar izan zutenez, aurten bat egingo dute ekintza biek eta Euskaraldiak Korrikaren lekukoa hartuko du udazkenean.

IMG_3202

Aurreko edizioak

Euskaraldiak zenbait lorpen egin ditu lehenengo bi edizioetan eta hauek gizarteratzea garrantzitsua dela aipatu zuten atzoko aurkezpenean. “Adibidez, arau sozial berriak ezarri ditu eta, ondorioz, lehen hitza euskaraz egitera bultzatu gaitu. Gainera, elkarrizketa elebidunak gero eta normalagoak dira, besteak beste, Idoia Argoitia Akebaiko koordinatzailearen berbetan.

2018ko edizio oso arrakastatsua izan zen eta oso sentsazio ona laga zuen antolatzaileengan. Erabileran eta hizkuntza portaeran eragina izan zuen eta argi geratu zen eremu gehiagotara zabaltzeko nahia.

2020koa, ostera, pandemiak baldintzatu zuen. Dena dela, euskara agenda sozialean kokatu zen eta entitateek parte hartu zuten.

 

Berritasunak aurten

Aurtengo edizioa berritasunekin dator. Adibidez, Ariguneek martxan jarraituko dute, baina ez da Kanpo eta Barne Ariguneetan banatuko, gauzak sinplifikatuz. Herritarrek eta entitateek hartu ahal izango dute parte eta, nola ez, hain ezagunak egin diren Ahobizi eta Belarriprest rolak aukeratu ahal izango dira.

Helburu nagusia ariketaren eragina handitzea izango da. Hau da, Euskaraldian parte hartzen duten norbanakoek eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea, eta parte-hartzea hedatzea (Ahobizi, Belarriprest eta Arigune gehiago izatea).

Horretarako, ariketa azaroan hasiko den arren, lanean jarri dira dagoeneko. Izan ere, asko dira egin beharrak: herri-batzordeak indartzea, kalitateari garrantzia ematea (rolen nondik norakoak argi lagatzea), Ahobiziak erdigunera ekartzea eta ahalduntzea, lorpenak ikusaraztea, txaparen garrantzia azpimarratzea eta kaleak hartzea.

Eibarko herri-batzordea Udalak, norbanakoek eta eragileek, eta bestelako eragileek osatuko dute. Dena dela, interesa dutenek batzorde hauetan parte hartu ahal izango dute, bakoitzak ahal duen neurrian, Euskaraldian laguntzeko modu asko dagoelako: ingurukoei informazioa zabalduz, saretan ikusgarritasuna emanez, txapak banatzen, ekitaldiak antolatzen, eta abar.

Izen-emateari dagokionez, aurreko urteetan Euskaraldian parte hartu dutenek mezu elektroniko bat jasoko dute ariketan berriz parte hartu nahi duten edo ez aukeratzeko. Parte-hartzaile berriek, ostera, bi aukera dituzte: Entitateek zabalik dute izena emateko epea euskaraldia.eus webgunearen bitartez eta norbanakoek irailaren 28tik aurrera eman ahal izango dute izena toki berean.

IMG_3232

Aurkezpen borobila

Atzoko aurkezpenean, gainera, artearentzat tokia egon zen. Batetik, Jose Antonio Azpilikueta marrazkilariak ekitaldiko irudi batzuk marraztu zituen. Eta bestetik, Hemen musika-taldeak bi abesti jo zituen.

Gainera, aurreko edizioetan Ahobizi, Belarriprest eta entitateen rolak izan dituzten hiru lagunek euren esperientzien berri eman zuten.

IMG_3212