Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Udalbatzak

Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Udalbatzak
2018/09/25 eta kitto!
Atzo udaletxean egindako plenoan behin-betiko onarpena eman zioten Eibarko Euskaraldiaren adierazpen instituzionalari. Onartutako testuan jasota dagoenez, “Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da”. Horrekin batera, “ordezkari politikoen egiteko nagusia Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea izango da” eta, beraz, “ekimen honetan ahalik eta ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo gehien aktibatzeko urratsak” egiteko konpromisoa bereganatu dute. Eta Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldian parte hartzera eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abiatu dute Euskaraldia eta gure herriak ere horrekin bat egin du. Eibarko Euskaraldia antolatzeko Eibarren AKEBAIren barruan batzordea osatu da eta, egingo denaren inguruko informazioa zabaltzeko asmoz lau bilera egin zituzten aurreko astean. “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko da eta, ekimenaren bidez, herritarrei 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzeko gonbidapena egingo zaie. Parte hartzeko 16 urtetik gora izan beharko da eta, izena ematen dutenek, hiru subjektu-motaren artean (ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo) bat aukeratu beharko dute. Internet bidezko izen-ematea aurreko asteaz geroztik dago zabalik, akebai.eus zein euskaraldia.eus helbideetan.

Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun. Bihotzgoxoek ez dute euskara ulertzen, baina gustoko dute ingurukoak euskaraz aritzea.