Euskararen Plan Estrategikoa aho batez onartu du udalbatzak

Euskararen Plan Estrategikoa aho batez onartu du udalbatzak
2016/09/27 18:52 eta kitto!
Atzo udaletxean egindako bilkuran Eibarko Udalbatzak aho batez onartu zuen datozen hamar urteetan indarrean izango den Euskararen Plan Estrategiko berria, gaur goizean horren aurkezpena egiteko deitu duten prentsaurrekoan azaldu dutenez. "Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025" izenburukoa "herritarren eta hainbat eragileren aldetik euskararen bilakaeraren inguruko hausnarketa eta norabide partekatu baten premia somatuta" egin dela adierazi dute, herritarren zein herriko eragile ezberdinen parte-hartzea azpimarratuta: "Plan estrategiko horren bisioa, oinarri estrategikoak, helburuak, neurriak eta ekintzak zehazteko herritarren partaidetza bidezko prozesua burutu da. 2015eko azaroan hasi eta 2016ko martxoan amaitu zen EMUN enpresaren laguntzaz bideratutako prozesua. Bertan, Eibarko 40 lagun inguruk, sektore desberdinetakoak (guraso, eskola, aisialdi, kultura, kirola, enpresa, merkatari/ostalari, gazteak…) hartu dute parte. Eibarko Udaleko Euskara Batzorde Aholkularia osatzen duten zinegotziek egindako ekarpenak ere jaso dira".
Horrekin batera, plan horretan adostutako bisio edo helburu oso argia jasota dagoela azaldu dute: "Eibarko gazte eta haurren eremua euskararen arnasgune izateko, inguruko agenteak saretzea eta eragile aktibo bihurtzea". Horren inguruan eman dituzten argibideen arabera, "fokoa haur eta gazteengan jartzen da, baina planaren agente eragile, ume eta gazteen ingurunea izango da, hau da, familia, eskola, aisialdia, kirola, kultura eta arlo sozioekonomikoa. Horiek guztiak aktibatzeko lan egin behar da datozen urteetan".
Planaren baitan hiru oinarri estrategiko landuko dira: "Etengabeko komunikazioa eta sentsibilizazioa; zehar-lerrotasuna udalaren jardunean eta eragileen (aisialdi elkarte, ikastetxe, guraso…) arteko saretzea. Hala, 10 urtera begirako bisioa zehaztu da, oinarri estrategikoak definitu dira, eta esparrukako neurriak eta ekintzak ere jaso dira. Horrez gain, plan estrategikoa aurrera eramateko antolatu beharreko egitura proposamena ere egiten da".
Plana bera elkarlanaren emaitza dela argi laga nahi izan dute eta aurrera begira ere herritarren eta talde ezberdinen parte-hartzearen garrantzia azpimarratu dute: "Euskara Batzordeak garbi ikusten du horrelako plan bat aurrera eramateko eta jarritako helburuak erdiesteko, inondik inora Udalak duen ardura alde batera laga gabe, ezinbestekoa dela Eibarko herria osatzen duten herritarrek, elkarteek eta erakundeek konpromiso sendoa hartzea". Horretarako Euskararen Foroa eratu nahi dute: "Bertan, Eibarren plan horrekin neurri batean edo bestean bat egiten duten kideak bilduko dira. Parte hartzeko aukera izango dute, maila pertsonalean edota elkarte zein erakunde baten ordezkari gisa". Datorren hilean Foroak lehen bilera egitea aurreikusi dute eta datozen egunotan planaren eraketarako prozesuan parte hartu zutenei gonbidapenak bidaliko dizkietela aurreratu dute.

plenoa-euskara-plan-4