Flutura Aliko, Albaniatik iritsi den tximeleta

Flutura Aliko, Albaniatik iritsi den tximeleta
2020/05/03 eta kitto!
Flutura Aliko Albaniatik etorritako ‘EibartHARTUa’ da. “Fluturak tximeleta esan nahi du albanieraz”, esan digu. Iballe Puken jaio zen, mendiz inguratuta dagoen Albania iparraldeko herri txiki batean. “Landa gunea da eta ez dago gauza asko egiteko aukerarik”. Eskolako urteak maitasunez gogoratzen ditu, “asko jolasten genuen”, baina zortzi urte zituenean Tiranara (Albaniako hiriburura) joan zen bizitzera familiarekin, eta bere bizimodua aldatu egin zen. “Hasieran asko kostatu zitzaigun Tiranako bizimodura egokitzea eta lagunak egitea, hiriburuko jendeak beste toki batzuetatik zetozenak baztertzen zituelako”.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Bizimodu hobeago bat

“Oso gazte ezkondu nintzen”, esan digu Fluturak, eta ezkondu ondoren Albania hegoaldera joan zen bizitzera. “Familiatik urrun negoen eta bizimodua oso zaila zen”. Beraz, bizimodu hobeago baten bila irten zen handik. “Eibarren lehengusuak nituen eta eurek lagundu ziguten hona etortzeko behar genuen guztia prestatzen”. Pena handiarekin utzi zuen Albania, baina Euskal Herrian bizitza berria hasiko zuen senarrarekin eta semearekin. Albaniatik Oriora joan zen lehenik, baina kostaldean hiru hilabete egin ondoren, Eibarrera etorri zen. “Etxebizitzaren errenta oso garestia zen han”.

 

Flavia lagunentzat

Lau urte daramatza gurekin eta oso ondo egokitu da hemengo bizimodura. “Hona iritsi eta lau hilabetera lanean hasi nintzen, zorte handia izan nuen”. Ordutik etengabe egin du lan. “Sasoi batzuetan goizeko seietan irteten nintzen etxetik eta gauerdian bueltatzen nintzen”. Lan asko egin du Fluturak, baina lagunak egiteko eta jende ona aurkitzeko balio izan dio. “Flavia deitzen didate, maitasunez. Oso jende atsegina aurkitu dut eta oso ondo hartu naute”. Beraz, lau urte hauek oso biziak izan arren (“banandu egin nintzen, besteak beste”), bizitzeko toki aproposa aurkitu du Eibarren. “Albaniara joan izan naizenean, Eibarrera itzultzeko gogoa eduki izan dut. Ez nintzateke hara bizitzera joango”. Hala ere, gogoan du bere jaioterria, batez ere konfinamendu sasoi honetan. Arduratuta egon arren, berri onak iritsi zaizkio handik. “Albanian ez dituzte koronabirus kasu asko izan, zorionez. Dena dela, gobernuak oso neurri zorrotzak hartu ditu birusa ez hedatzeko”.

 

Gastronomia eta turismoa

Euskal Herriko eta Albaniako bizimoduen artean antzekotasunak ikusten ditu Fluturak, eta han eta hemengo jakiak egiten ditu etxean. Albaniako gastronomiari dagokionez, haragi errea, Lokror deitzen dioten pastel enpanatua eta comlek izeneko haragi erregosia nabarmentzen ditu Fluturak. Albania Mediterraneo itsasoko herrialde ezezaguna da eibartar askorentzat, baina bere jaioterria bisitatzeko gonbitea egiten du Fluturak eta toki zoragarriak daudela esan digu. “Adibidez, Teth Parke Nazionala, mendi ikusgarriz inguratuta dagoen Tropoje eta kostan dagoen Sarande. Interneten toki horrek bilatzen badituzue, asko harrituko zarete”.

 

Telenobelekin ikasten

Fluturak azkar ikasi zuen gazteleraz hitz egiten. “Egia esan, ez zitzaidan asko kostatu”. Izan ere, lan asko egiteaz gain, telenobelak ikusten zituen. “Hiru edo lau telenobela ikusten nituen egunero”. Euskaraz ere moldatzen da, baina euskarazko telenobela gehiago ikusi behar ditu oraindik. “Badakizkit euskarazko berba batzuk, baina gehiago ikasi behar dut”, aitortu digu. “Semeak euskaraz egiten duenez, berari esango diot artikulua itzultzeko”.

WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.53.00 WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.52.59(3) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.52.59(2) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.52.59(1) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.52.59 WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.52.58 WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.43.05(2)WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.43.05(1) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.43.05 WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.43.04(1) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.43.04 WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.35.17(1) WhatsApp Image 2020-04-27 at 12.35.17