Foru Aldundiak Debabarreneko elkarteekin bilera egingo du etzi Portalean, “desburokratizazioan sakontzeko”

Foru Aldundiak Debabarreneko elkarteekin bilera egingo du etzi Portalean, “desburokratizazioan sakontzeko”
2017/09/25 11:49
eta kitto!
Foru Aldundiak herri entitateen eta foru administrazioaren arteko harremana erraztu eta desburokratizatzeko prozesu irekia abiatu du eta, horren harira, etzi Debabarreneko elkarteekin bilera egingo du Eibarren, Portalean, 18:30ean. Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu duenez, “prozesuaren helburua da, lehenengo, diagnostiko bat egitea zuzenean ezagutzeko zeintzuk diren elkarteen premia nagusienak bere jarduera burutzeko egin behar izaten dituzten izapideei dagokienez, eta, ondoren, elkarteen ekarpenak, proposamenak eta hobekuntzak sartzea. Aurrerago, horiek guztiak aztertu eta Ekintza Plan batean jasoko dira epe eta neurri zehatzekin, eta Foru Aldundiak betetzeko konpromisoa hartuko du”.

Emun Aholkularitza arduratuko da prozesuaren dinamizazio, euskarri emate eta antolaketa metodologikoaz. Bi saio egingo dira elkarteekin Gipuzkoako eskualde guztietan, eta bertan parte hartuko dute diru laguntzak eta elkarteekiko izapideak kudeatzen dituzten Foru Aldundiko teknikariek ere, egingo diren proposamenen bideragarritasuna aztertzeko. Prozesuaren amaieran aipatutako Ekintza Plana onartuko da.

Prozesuan parte hartu nahi duten eskualdeko entitateek partaidetza@gipuzkoa.eus helbidera idatzi dezakete. “Horretara gonbidatu nahi ditugu, funtsezko eragileak direlako, eta Gipuzkoako etorkizuna guztion artean eraikitzen jarraitu nahi dugulako”, azaldu du Lasak. Haurren zaintza zerbitzua eskainiko da, eta euskaraz izango da saioa. Ulertzeko zailtasunak dituztenentzako itzulpen-laguntzak eskainiko dira. Gipuzkoako 110 herri entitatek baieztatu dute bere parte hartzea.