'Gara' egunkariari nola lagundu aztertzeko bilera egingo da bihar Arrate Kultur Elkartean

'Gara' egunkariari nola lagundu aztertzeko bilera egingo da bihar Arrate Kultur Elkartean
2019/04/02 eta kitto!




Gara egunkariak jasaten diharduen erasoari nola aurre egin aztertu eta sostengu taldea antolatzeko bilera deitu dute biharko, 19:00etan Arrate Kultur Elkartean. Izan ere, Gara egunkariak milioi erdi euro ordaindu beharko dio Gizarte Segurantzari sei hilean behin, datozen hiru urteotan, Egin egunkariaren zorra kitatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin egunkaria eta irratia itxiarazi zituen 1998ko uztailean, ETArekin lotura zutelakoan. 1999ko urtarrilean, Eginen itxieraren ondorioz geratu zen hutsunea betetzeko, Gara sortu zen. Baltasar Garzon epaileak, baina, Eginek zuen 4,7 milioiko zorra Gararen gain laga zuen, “enpresen arteko jarraitutasun ideologikoa” zegoela argudiatuta. 2009an, Espainiako Auzitegi Gorenak Eginen itxiera baliogabea izan zela ebatzi arren, Garari ez zioten kendu zorra kitatzeko ardura eta orain Gizarte Segurantzarekin akordioa lortu du Garak. Horren arabera, hiru milioi euro hiru urtean ordaindu beharko ditu. Gauzak horrela, Garak egoera salatu eta babesa eskatu du, egunkaria egoera latzean dago-eta. Hori dela eta, 10.000 harpidedun lortzeko kanpaina ipini du abian.