Gaur arratsaldean argiak piztearekin batera abiatuko da merkatarien Gabonetako kanpaina

Gaur arratsaldean argiak piztearekin batera abiatuko da merkatarien Gabonetako kanpaina
2018/11/27 eta kitto!
Gaur 18:00etan Gabonetako argiak pizteko Eibarko Bizikleta Plazan egingo den ekitaldiarekin hasiko dute Gabonetako kanpaina herriko dendari eta ostalariek, gaur eguerdian udaletxean egindako aurkezpenean esandakoaren arabera. Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatuta datozen asteotarako antolatu dituzten jarduerekin, "Eibarko kaleei bizia eta kolorea emateaz gain, jendea Eibarko dendetan erostera eta hemengo tabernetan kontsumitzera" animatu nahi dutela adierazi dute. Aurtengo argietarako aurrekontua 45.000 eurokoa da: "24.800 euro Eibarko Udalak ordainduko ditu eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak".

Gaurko ekitaldia girotzeko DJ bat egongo da eta umeei txokolatea banatuko diete. Eta 19:00etan Eibarko jokalari batzuk joango dira, nahi dutenentzat sinadurak egiteko prest.