Gaurko etxe-kaleratzearen inguruan azalpenak eman ditu Stop Desahucios/Kaleratzeak Stop plataformak

Gaurko etxe-kaleratzearen inguruan azalpenak eman ditu Stop Desahucios/Kaleratzeak Stop plataformak
2017/03/10 eta kitto!
Gaur goizean Ardantzan, Alokabideren etxe batetik familia bat bota dutela eta, gertatutakoari buruzko azalpenak emateko jarraian osorik irakur dezakezuen oharra idatzi du Stop Desahucios Debabarrena plataformak:

STOP DESAHUCIOS DEBABARRENA PLATAFORMAREN OHARRA

Eibarren gertatu den kaleratze lotsagarriaren aurrean, Alokabidek hiru seme-alaba dituen familia alokairuan zuen etxetik bota eta kalean laga dituela eta, beste ezer baino lehen horrelako kasuetan, etsipena nagusi den egoeretan polizia indarren (Ertzantza eta Udaltzaingoa) presentzia salatu nahi dugu, familiaren tentsioa, indarkeria eta mina areagotu baino ez dutelako egiten.

STOP DESAHUCIOS DEBABARRENA plataformak azaldu nahi du 2016ko urrian izan zuela kasu zail honen berri, plataformarengana laguntza eske etorri zirenean.

Kaltetutako familiari behar den moduko arreta eskaini genion, kasua modu sakonean aztertu genuen, familiaren galdera guztiak arretaz entzun genituen, euren egoera ekonomikoa zein zen azaldu ziguten eta, horren ostean, eurekin batera Donostiara, Alokabidera joan ginen, arazoa konpontzen eta irtenbideren bat aurkitzen laguntzeko.

2016ko azaroan ARAZOARI KONPONBIDEA EMATEKO AKORDIOA lortu zen eta, horren arabera, ezarritako epe batzuen barruan hainbat ordainketa egitea adostu zuten. Gauzak horrela, gure bitartekari lana amaitutzat eman genuen.

Orain, 2017ko martxoan, kasua berriz gure plataformara ekarri dute, ARAZOARI KONPONBIDEA EMATEKO AKORDIOA EZ DELA BETE esanez. Horren aurrean Alokabidek etxe-kaleratzeari berriz heldu dio.

Informazio hau berandu, azken orduan ailegatu zaigu, lehen baino egoera larriagoan adostutakoa ez betetzeagatik eta egoera berriz bideratzeko aurrekoan baino traba gehiagorekin. Egoera horren aurrean, arazoari irtenbidea emateko modurik egokiena familiaren egoera larriarekin zerikusia duten Instituzio/Erakundeei lehenbailehen horren guztiaren berri ematea izango zela pentsatu genuen, horrela arazoarentzat konponbideren bat bilatu ahal izateko. Eta hala egin genuen.

STOP DESAHUCIOS DEBABARRENAK Eibarren zein kanpoan familia larregik bizi duten egoera ekonomiko larriak eragiten dituen horrelako muturreko kasuak konpontzeko modurik ez izatea sentitzen dugu. Horrelako egoera tamalgarriei MODU EGOKIAN ETA AZKAR erantzuna ematea INSTITUZIOEI dagokie, gizarte politikekin, gutxien dutenen aldeko legeekin, enplegua sortzeko politikekin, akordioetara bulegoetan eta ez kalean ailegatuta.

STOP DESAHUCIOS DEBABARRENA

Eibarren, 2017ko martxoaren 10ean