Gaurtik domekara bitartean jokatuko diren txirrindularitza probek Eibarko trafikoari eragingo diote

Gaurtik domekara bitartean jokatuko diren txirrindularitza probek Eibarko trafikoari eragingo diote
2018/04/06 eta kitto!
Txirrindularitzak beteko du asteburu osoa Eibarren, gaurtik hasita domekara arte. Hiru egunetan profesional zein afizionatuetan jokatzen diren probarik garrantzitsuenek gure herria hartuko dute. Euskal Herriko Itzuliaren 58. edizioaren bosgarren etapa Toribio Etxebarria kalean amaituko da gaur arratsaldean eta toki berean izango du helmuga Valenciaga Memorialaren 47. edizioak domeka eguerdian. Tartean, nola ez, Itzuliaren azken etapa izango dugu bihar, Eibarren eguerdi aldean hasi eta arratsaldean Arrate gainean amaituko dena. Horrek guztiak, jakina, trafikoari eragingo dio.

Itzuliaren 5. etapa: Gasteiz-Eibar

164,7 kilometrokoa izango da. Hiru mendate eta bi esprint ditu: lehen esprinta Bergaran (96 km), lehen mendatea Elosuan (2. mailakoa, 105 km), bigarren esprinta Loiolan (118 km), bigarren mendatea Endoian (2. mailakoa, 135 km) eta hirugarrena eta azkena Azurkin (1. mailakoa, 144 km).

Gaurko etapan Elosua pasatuta hasiko da gogortasuna, azken 60 kilometrotan kontzentratuta. Endoia eta Azurki bata bestearen segidan daude eta horrek gogorragoak bihurtzen ditu. Itzulian min handiena egin dezaketen eguna izan daiteke eta, adituek diotenez, baten bat ezustekoa ematen saiatu nahi baldin badu, hor izan dezake eguna.

1052 barru

Itzuliaren 6. etapa: Eibar-Arrate

122,2 kilometrokoa izango da, laburra baina ezin ikusgarriagoa. Etapak zortzi mendate eta bi esprint ditu: Trabakua (3. mailakoa, 8 km), Gontzagaraigana (3. mailakoa, 18 km), Bizkaiko Begiratokia (3. mailakoa, 25 km), Muniketa (3. mailakoa, 39 km), Elgeta (2. mailakoa, 63 km), jarraian lehen esprinta Eibarren (83 km), Ixua (1. mailakoa, 89 km), bigarren esprinta Etxeberrian (98 km), Urkaregi (3. mailakoa, 104 km) eta Usartza (1. mailakoa, 120 km). Etapa horretako mendateen kilometro kopurua eta portzentajeak honakoak dira: Trabakua, hiru %5era; Gontzagaraigana, hiru eta erdi %5,5era; Bizkaiko Begiratokia, bost %5era; Muniketa, lau %6,5era; Elgeta, lau %7ra; Ixua, bost %9ra; Urkaregi, sei %4ra; eta Usartza (motzena, baina gogorrena), hiru %13ra.

Biharko etapan lider iristen denak bere burua defendatzeko eguna izango du, eta talde indartsua beharko du horretarako alboan. Gainera, Matsaria azken egunean egoteak gauzak aldatzen ditu eta interesgarriago bihurtzen; hori bai, liderarri aurre egin nahi diotenek aurretik ere badute erasoa non jo.

1052 barru

Valenciaga Memoriala: Eibar-Eibar

167 kilometro eta erdi izango ditu Valenciagaren 47. edizioak. Espainiako Koparako laugarren proba puntuagarria da eta zazpi txirrindulariz osatutako 24 taldek hartuko dute parte domeka goizean, euretako 21 Espainiako Kopan lehiatzen dutenak eta beste hirurak antolatzaile taldeak gonbidatuta. Parte-hartzaileen artean bost dira euskaldunak, eta tartean izango da Eibar Energia Hiria ere. Koparako bederatzi probetatik, hiru Gipuzkoan jokatzen dira.

1052 barru

 

Lasterketak herri barruan

Euskal Herriko Itzulia

ERDIGUNEA PEATONALIZATUTA gaur goizeko 09:00etatik etzi gaueko 22:00ak arte (T. Etxebarria ez da zabalduko ez gaur, ez bihar).

GAURKO ETAPA (Gasteiz-Eibar) 17:30ak aldera amaituko da. Helmuga T. Etxebarrian izango da, Azitainetik sartuta. BIHARKO ETAPA (Eibar-Arrate) 14:11n irtengo da F. Calbeton kaletik eta, Karmen kaleraino itzulia eginda, Ermurantz abiatuko da. 16:30ak aldera erdigunetik pasatuko da, Azitainetik sartu eta Ixuaraino jotzeko. 17:15ak inguruan saihesbidetik pasatuko da, Azitainetik sartu eta Matsarian irtetzeko, hortik Usartzara igo eta handik Arrateko helmugaren bila, 17:30ak aldera iristeko.

Valenciaga Memoriala

ETZIKO ETAPA (Eibar-Eibar) 09:00etan irtengo da F. Calbeton kaletik eta Maltzagaruntz joko dute. 13:15ak aldera dago aurreikusita lehenengoak iristea. Helmuga T. Etxebarrian izango da, Azitainetik sartuta.