Larunbatean bilera egingo da 16-18 urteko gazteekin ZALETU egitasmoa martxan jartzeko

Larunbatean bilera egingo da 16-18 urteko gazteekin ZALETU egitasmoa martxan jartzeko
2018/11/29 eta kitto!
16 eta 18 urte bitartean badituzue eta zeuen zaletasunak eta aisialdiko proiektuak ikuspegi berritzaile batetik garatu nahi badituzue Eibarren, hemen daukazu aukera.  Alaitz Andonegi eta Iraider Garcia Astixa aisialdi taldeko hezitzaileak dira eta Eibarren 16 eta 18 urte bitarteko gazteen artean Zaletu egitasmoa aurrera eramatearen ardura daukate, Udaleko Gazteria Sailarekin batera. Proiektuan parte hartu nahi duzuen gazteentzako bilera abenduaren 1ean, larunbatean, izango da Gaztelekuan, 18:00etan. Behar duzuen informazio guztia jasotzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango duzue bertan, eta edozein gauzatarako whatsappez jarri zaitezkete harremanetan Iraider eta Alaitzekin (688 68 23 72). Aukera polita da: zeuen zaletasunak garatu ditzakezue, leku desberdinetara joan zaitezkete, jende desberdina ezagutu… “Ateak guztiz irekita daude. Hemen daukazue aukera zer gustatzen zaizuen eta nola egin nahi duzuen esateko”.

Zaletasunak garatzeko eta jende berria ezagutzeko aukera
Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko bisitak egin dituzte ikastetxeetan eta adin horretako gazteen artean  flyerrak eta txapak banatu dituzte: “Proiektu potentea da, Gipuzkoako 5 herritan abiatu da,  eta gure herrian ere martxan jartzeko ahal dugun guztia egingo dugu. Benetan merezi duen ekimena dela uste dugu. Euren zaletasunak aurrera eramateko eta gauza berriak ezagutu eta probatzeko aukera izango dute. Eta, nola ez, jende berria ezagutuko dute, bai Eibarren eta bai proiektuan parte hartzen duten Gipuzkoako beste herrietan ere”.
Proiektuaren helburua, gazteen zaletasunak zeintzuk diren identifikatzea eta, identifikatuta baldin badituzte, Eibar mailan nola garatu ahal dituzten esatea eta laguntzea da, azken finean. “Horretarako saioak egingo ditugu Eibarren eta beste 3 esperimentazio-gune herri desberdinetan”.

16 eta 18 urte arteko gazteen motibazioak aztertu, gaztelekuetako hezitzaileekin harremanak sortu eta elkarlanean ikuspegi berritzaileko egitasmo ezberdinak garatzea eta gazteen autonomía lantzea du helburu Zaletuk. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta,  Gaztematikaren barruan diren gaztelekuen laguntzaz, Donostia, Tolosa, Ibarra, Amezketa eta Eibarren jarri da martxan.
«Gazteekin eta gazteentzat nahi da aisialdirako proposamen» berri hau. Horretarako, proiektuaren diseinuan parte hartzeko aukera izango dute gazteek beraiek, «bizirik dagoen proiektua» baita. Horren bitartez, «gazteen parte-hartzea bultzatu eta euren behar espezifikoak ezagutuko dira» eta «gazteekin eta gazteentzat erakargarria den eskaintza hori oinarri hartuta,  gaztelekuaren eskaintza behar horietara moldatu nahi da. Gaztelekua euren lekua ere bada, eta adin horretakoak ere nahi dutena planteatzera etor daitezke», azaldu digute Alaitzek eta Iraiderrek.