28 eibartar Gazte Robotika txapelketan

28 eibartar Gazte Robotika txapelketan
2018/09/17 eta kitto!
Ermuko Izarra Centrek Gazte Robotika hartuko du irailaren 22an 10:00etan, hau da, Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa. Haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea da egitasmo honen helburua, eta modu praktiko eta dibertigarrian lortu nahi dute hori. 8 eta 16 urte arteko 100 gazte inguruk eman dute izena txapelketan parte hartzeko, eta tartean 28 eibartar ibiliko dira.

Gazte Robotika txapelketa 22an jokatuko bada ere, ekainean hasi zuen ibilbidea, Eibarren hain zuzen ere. Tailer teknologikoa egin zen ekainaren 26tik 29ra Eibarren eta 40 gaztek hartu zuen parte bertan. Gero, Debabarrenako beste herrietan egin ziren tailerrak, eta robotika alorrean Lego Mindstorms EV3 plataformarekin eta bideo-joko sorkuntza alorrean Scratch softwarearekin lan egin ahal izan zuten 2001 eta 2009 urteen artean jaiotakoek.

Gazte Robotika txapelketan hainbat erronka izango dituzte parte-hartzaileek. Lehendabizi 1vs1 game’ jokoa egingo dute urrutiko agintea berreskuratu, robotaren kontrola hartu, banderatxoa jaitsi, norberaren koloreko blokeak bere tokira eraman, aurkariaren blokeak ezkutatu eta aurkariari puntuak kentzen saiatuz.

Bigarren jokoak ‘Kolore, kolore’ izenburua dauka. Froga honetan lau robotek hartuko dute parte (talde bakoitzean bi) eta koloreak sortu beharko dituzte; gero eta gehiago, hobe. Taldean egingo da lan kolore-paleta sortu eta beste taldeek ez zikintzeko ahaleginak eginez.

‘Multi Kirola’ da hirugarren jokoa eta kirol ezberdinetan trebeak direla erakusteko aukera izango dute gazteek. Bloke zutabe bat behera bota, beste bloke batzuk helmugara eraman, altuera ezberdinetan dauden eraztunak alde batetik bestera mugitu eta, bukatzeko, saskibaloian jokatu beharko dute parte-hartzaileek.

Azken erronka ‘Bideo-joko sorkuntza’ izango da. Udako tailerretan bideo-jokoak sortzeko aukera izan zuten gazteek eta gero hobetu ahal izan zituzten txapelketa egin baino bost egun lehenago antolakuntzari entregatu aurretik. Oraingoan, epaileek bideo-jokoa ebaluatuko dute eta pare bat aldaketa erraz egiteko eskatuko die gazteei.

 

Tailer teknologikoak

Robotika txapelketaz gain, hainbat tailer teknologiko jasoko dira egitasmo honen barruan Izarra Centren. MakeyMakey kontrolekin esperimentatzeko aukera egongo da; bideo-jokoak sortzeko Minecraft bezalako tresnak egongo dira eskuragai; 3D-tan diseinatu eta inprimitu ahal izango da; argazki kamera, bideo-ekipoa eta Chroma Key jarriko da gazteen eskura; eta robot kolaboratiboen erakusketa egongo da Iruña Tecnologiasen eskutik.