Dantza masterclass eta kontzertua egingo dira abenduaren 11n Gipuzkoan Gazte Tourren eskutik

Dantza masterclass eta kontzertua egingo dira abenduaren 11n Gipuzkoan Gazte Tourren eskutik
2021/11/29 eta kitto!
Gipuzkoan Gazte Tour, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 12 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen aisialdi aktibo eta parte-hartzaileko zirkuitu kulturala berriz abian da, iaz pandemiaren ondorioz geldialdi bat izan eta gero. Abenduaren 11n Eibarren egingo den  Gipuzkoan Gazte Tour programako bosgarren jardunaldia aurkeztu zuten aurreko astean Jon Iraola alkateak, Isaac Palencia Foru Aldundiko Gazteriako zuzendari nagusiak eta Ander Curiel Udaleko gazteria zinegotziak.

Azaldu zutenez, Arrasaten, Zumarragan eta Andoainen 1.800 gazte baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako saioen ondoren, azaroan eta abenduan beste hiru hitzordu izango dira Hondarribian, Eibarren eta Errenterian.  Eibarkoa bosgarren jardunaldia izango da eta egunerako kartela “askotarikoa” da, “eta aldez aurretik aztertu eta elkarbanatu da, sare sozialen bidez, herriko gazteen gustuak bertatik bertara ezagutzeko. Saio bakoitzean lehen mailako artistak daude, masterclass berriak, eta baita herriko talentu gazteen erakustaldiak ere”.

Abenduaren 11n, goizeko 11:30ean, gazteek masterclass bat izango dute Claudia Rierarekin ('Fama a bailar'), Ipurua kiroldegian. Masterclass-ean parte hartzea doan da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago www.eibar.eus web orrian dagoen formularioa beteta (abenduaren 8ra arteko epea dago). Eta arratsaldeko saioan, berriz, 18:00etatik aurrera kontzertua egingo da Coliseo antzokian: Julen Leturiondo artista eibartarrak zabalduko du kontzertua eta Ainhoa Larrañaga eta Anne Lukin abeslari eta konpositore iruindarra arituko dira ondoren. Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, 5 eurotan, Kutxabank-en eta Coliseoko leihatilan (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era).