EDEIBAR, Peruko kirol-eskola gorriurdina

EDEIBAR, Peruko kirol-eskola gorriurdina
2012/04/19 eta kitto!

Piurako haurtzaro eta gaztetasun arazoei irtenbidea bilatzeko, guraso talde bat, hauen seme-alabek eskualdeko beste gazteekin batera euren helburuak lortu eta foballean etorkizun oparoa izan ditzaketenei laguntzeko, batu eta Piurako Eibar Kirol Eskola (EDEIBAR) sortu zuten 2005ean Egoaizia eta Eibar Kirol Elkartearen laguntzarekin. Honen bitartez, aisialdirako aukera osasuntsua eman nahi zaie, foballaren bitartez, 7 eta 18 urte bitarteko baliabide gutxiko eta Piurako auzo marjinaletako gaztetxoei.
Julio Cesar Bermejo da unitate teknikoaren koordinatzailea (Wilmer Federico Bermejo da presidentea) eta, bere berbetan, Piurako Country Clubean foballean jokatzeko batzen ziren gazteen ekimenez sortu zen EDEIBAR. Orduan, Egoaiziaren bitarteko lanaren bidez, Eibar KEk kirol materialak eskaini zizkion proiektuari.
Antolatutako kirol-ekintzen birtartez, ekimenean parte-hartzen duten neska-mutilek entrenamenduak egiten dituzte eta txapelketetan parte-hartzen dute. Horrela, kirol arloaz gain, hainbat balore sendotzen dituzte gaztetxoek: ikasketetan zuzen aritzea, ekintzetara agertzeko konpromezua hartzea, inplikazioa, eta abar.

Kooperantea kirol-eskolan
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarekin bat dabil elkarlanean Egoaizia eta, horren ondorioz, Beatriz Fragua EDEIBARen laguntzen egon ahal izan zen joan den udan. 18 eta 25 urte bitarteko, eta 10 eta 13 urte bitarteko nesken taldeekin egin zuen beharra Beatrizek Piuran, eta berak aitortzen duen bezala, “nire ezagutza profesionalak praktikan ipintzeaz gain, beste errealitate bat ezagutu eta burua zabaldu nuen”.
EDEIBARek neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen duela azpimarratzen du Beatrizek eta, bestetik, eskolan ez dela inor baztertzen foballean ona edo txarra izateagatik. “Klasea kontuan hartu gabe, pertsona guztiak nahastu eta denek aukera berriak edukitzea da oinarria”.
Beatrizentzat harrigarria zen txartela ordaintzeko dirurik ez eta urrutitik korrika entrenatzera zindoazen neskatoak ikustea, “Eibarren kamiseta defendatzeko”.