Eibarko Gazte Topaketak egingo dira hilaren 23tik 25era

Eibarko Gazte Topaketak egingo dira hilaren 23tik 25era
2021/04/06 eta kitto!
“Ixotu orrua, ixotu herria” aldarrikapenarekin eman dute jakitera hilaren 23an, 24an eta 25ean Eibarko Gazte Topaketak egingo direla. COVIDak eragindako egoerak urtebete atzeratu du eibartar gazteen asmoa, baina hain zuzen ere pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerari egin nahi dio aurre egitasmoak eta aurten egitea erabaki dute.

Gaur egungo egoeraren aurrean gazteek dituzten kezkak, zalantzak, asmoak eta gogoetak mahai gainean jartzeko balio izango du topaketak. “Pairatzen ari garen osasun krisi honek inoiz baino ageriago utzi ditu sistemak dituen hutsuneak. Baina, porrot egindako sistema hau eraldatu beharrean, berriz ere gazteok bihurtu gaituzte errudun eta etsai”, diote. “Horregatik, gazteok gure espazioaren beharrean gaude. Premia honi erantzun nahian, Eibarko hainbat eragileren elkarlanaren bidez Eibarko Gazte Topaketak antolatzen gabiltza”.

Antolatzaileek beharrezkoa ikusten dute gazteentzako elkar ezagutza, formakuntza, aisialdia eta plazerra nahastea ahalbidetzen duten espazioak sortzea. Horretarako, hainbat ekintza prestatu dituzte eta datozen egunotan emango dute jakitera egitaraua.

Aste Santuan topaketan parte hartu ahal izateko tiketak saltzen ibili dira, baina egun gehiagotan ibiliko dira berriz tiketak saltzen. Hiru egunetarako bonoak erosi daitezke, baina baita egun baterako tiketak ere.

Egitasmoaren inguruan zalantza gehiago izanez gero, Instagrameko kontuaren bitartez galderak erantzuteko prest agertu dira antolatzaileak.