Elurra gozamena denean

Elurra gozamena denean
2012/03/15 eta kitto!

Ainara Iturrioz, Jone Olabarri, Jone Azkarate, Eider Maiztegi, Garazi Goimendiourrutia, Maite Elorza, Maialen Zamakola, Odei Jainaga, Maitane Fariñas, Jone Saez eta Miren Hazasek osatzen dute Deporreko eskiatzaile gaztetxoen taldea (Olaia Sarasola ere taldekidea da, baina Amerikako Estatu Batuetan dago aurten ikasketak egiten). 13 eta 16 urte bitarteko neska-mutilak dira eta pasio bat partekatzen dute: eskia.
Euretariko batzuk gurasoen bitartez jaso zuten eskiarekiko zaletasuna, besteek Lehen Hezkuntzako 5. mailan ezagutu zuten kirol hori. “Txangoa egin eta asko gustatu zitzaigun”, diote aho batez. Horrela, eskien gainean bidea egiten hasi ziren. Batzutan gurasoekin autoan joaten dira, beste batzuetan autobusean, eta hotel edo barnetegian egiten dute lo.
Aurten ezin izan gara Gabonetan ohikoa den bezala 4 egunetarako joan ahal izan, ia elurrik ez zegoelako”, damutzen dira gazteak, baina joaten diren bakoitzean ahalik eta gehien aprobetxatzen dituzte asteburuak. “Azkenean motza egiten zaizu”. Ikasleak izanik, bestetik, askotan liburuak eramaten dituzte eskia egin ostean ikasteko, “baina badago bat edo beste ikasten uzten ez dizuna, txantxak egiten dituena”, diote barrezka.



Domina sorta
Iraupeneko-eskian aritzen dira gazte hauek. “5 edo 10 kilometroko probak egiten ditugu”. Ez dago zalantzarik disfrutatzen dutela. “Oso ondo pasatzen dugu”, diote aho batez. Aurten elur gutxi egin du, “eta batzuetan elurra izoztuta egon bada, beste batzuetan bero gehiegi egin du”. Hala ere, azken asteburuetan pisten egoera oso ona izan dela aitortzen dute.
Joan den asteburuan, adibidez, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten eskiatzaileek. Han erakutsi zuten kirola eginez oso ondo pasatzeaz gain, lehiatzen ere iaioak direla. Izan ere, urrezko 4 domina, zilarrezko 2 eta brontzezko bat eskuratu zuten eibartarrek. “Oso emaitza onak lortu genituen, pozik gaude”, diote irrifartsu. Aipatzekoa da, gainera, Leire Garate eta Naia Carballok 1. eta 2. postuan amaitu zutela seniorren lasterketa hurrenez hurren.
Udaberriaren etorrerarekin eskiak gorde eta datorren urtera arte itxaron beharko dute orain eskiatzaile gaztetxoek (elurra desagertzen ez den edo pista indoor batera ez badoaz, behintzat). Rollerskiaren txanda iritsi da!