Eneko Rivero, e-sports jokalaria: “Zuzeneko-txapelketa baterako sailkatzea gustatuko litzaidake”

Eneko Rivero, e-sports jokalaria: “Zuzeneko-txapelketa baterako sailkatzea gustatuko litzaidake”
2019/02/08 eta kitto!
Berdegunetik bideo-jokoetara egin du jauzi Eibar KE-k. Gorriurdinek e-sports taldea daukate eta hiru bideo-jokotan (Rocket League, Clash Royale eta FIFA 19) lehiatzen dira jokalariak. FIFA 19-an jokatzen du Eneko Riverok (Resire). 16 urte ditu eta ohore handiz defendatzen ditu Eibar KE-ren koloreak eta joysticka uzten duenean eskubaloian egitea du gustoko.

 

- Resire da zure ezizena e-sportsen munduan. Zergatik Resire?

Aitak asmatu zuen izena. Txikiagoa nintzenean Play Station 3 kontsola neukan, baina hasieran ez nekien konturik zabaltzen eta aitak egin zuen. Izena jarri behar zen eta Resire jarri zuen.

- Eibar KE-ko e-sports taldeko kidea zara. Nola etorri zitzaizun aukera?

Eibarrek jokalariak aukeratzeko lehiaketa antolatu zuen (draft) iaz eta azpitxapelduna izan nintzen. Sanandresetan deitu zidaten Eibar KE-ko e-sportseko kidea izan nahi nuen galdezka eta demaseko ezustekoa izan zen.

- Foball taldekoekin egiten den antzera, zuri ere fitxa ordaintzen dizute?

Bai, soldata txiki bat daukat.

- Zein da zure lana e-sportseko jokalari moduan?

Astean sei ordu jokatu behar ditut, baina gehiago jokatzen ditudala uste dut, nahi dudalako.

- FIFA 19 bideo-jokoko jokalaria zara. Zein txapelketetan lehiatzen zara?

Espainiako txapelketak jokatzen ditugu. Bederatzi sailkapen-txapelketa daude eta lehiaketa horietan puntu gehien lortzen dituzten hamasei jokalariak zuzeneko-txapelketa batera sailkatzen dira. Lehiaketa horretan kanporaketak egiten dira finalera arte. Bestetik, sailkapen-txapelketa bakoitzean geratzen diren lehenengo lau jokalariek ere zuzeneko-txapelketa jokatzen dute.

- Zer moduz doa zure denboraldia?

Hiru sailkapen-txapelketa jokatu ditugu, eta Gravesen izeneko jokalari batek bi irabazi ditu eta Zidanek bat. Lehenengo txapelketan lehen kanporaketa pasatu nuen eta bigarrengoan, wifi arazoak egon zirenez, egun bat atzeratu behar izan zuten lehia. Hurrengo egunean eskuan mina hartu nuen eskolan eta medikoarengana joan behar izan nintzen. Bost ordu egon nintzen larrialdietan eta ezin izan nuen partidua jokatu. Bigarren txapelketan bigarren kanporaketan galdu nuen penaltietan; eta hirugarrengo txapelketan, hirugarren kanporaketan, 89. minutuan jasotako gol bategatik kanporatu ninduten.

- Etxean jokatzen duzu?

Bai, baina twitch.tv/sdeibar_esports webgunean eta SD Eibarren YouTube kanalean jarraitu daitezke partiduak. Gainera, esatari (caster) batek ematen ditu partiduak.

- Ipuruan jokatzeko aukera izan duzu?

Bai, joan den eguenean Marko Dimitrovic atezainarekin berba egitera joan nintzen eta Marc Cardonari erronka bota nion, nonbait ikusi dudalako FIFA 19-an ona dela.

- Zein da zure helburua e-sportsean?

Zuzeneko-txapelketa baterako sailkatzea gustatuko litzaidake, baina lan handia egin behar dut oraindik.