ETB3ko Lokaleroak saioak familia bikoiztu nahi du!

ETB3ko Lokaleroak saioak familia bikoiztu nahi du!
2012/01/25 eta kitto!

Lokaleroak saioak izandako arrakasta ikusita, ETB3k Lokaleroak-en II.denboraldia udaberrian estreinatuko duela aurreratu digute saioko arduradunek eta, euren berbetan, "horretarako lokal saltseroak, kañeroak eta aktiboak behar ditugu, bertan grabatzeko".
Parte hartu nahi duenak e-maila idatzi beharko du lokaleroak@eitb.com helbidera eta e-postan lokalean zenbat lagun diren, euren adina eta zein herritakoak diren zehaztuta. Hortik aurrerako guztiak saioko arduradunek azaltzen joango dira. Saiotik azaldutakoari jarraituta, "saioa oso informala da. Gure helburua gazteek gazteentzako egindako saioa egitea da. Konfidantza osoarekin, bakarrik gazteek nahi dutena grabatzen dugu eta ez dugu morbo edo horrelakorik bilatzen. Lokalen inguruan hedatuta dagoen susmo txarra kendu nahi dugu, aitzitik".
Gainera "ateak zabaltzeagatik sari potoloak" lortzeko aukera dagoela gogorarazi dute. Aste honetan bertan amaitu duten edizioan Eibarko lokal bi ailegatu dira finaleraino eta, eurek saririk eraman ez badute ere, irabazleak (Zornotzako Damasy lokalekoak) Saloura bidean daudela esan digute saioko arduradunek eta Gernikako neskek ere Olaizola sagardotegian mahai erretserbatu dutela. Sari nagusietatik aparte, "Buah Txabal"-eko kamiseta mordoa banatu dituzte, Muruetako (Urdaibai) Ibaigune hotelean bi gauerako egonaldia zozketatu da... beraz, gazteak parte hartzera animatu nahi dituzte.