Gaztetxeak martxoaren 25ean zabalduko ditu ateak berriz ere

Gaztetxeak martxoaren 25ean zabalduko ditu ateak berriz ere
2023/02/15 eta kitto!
Orain dela hilabete batzuk “eraso bortitz batzuk” jasan ondoren, “gure etxea ia guztiz desaktibatuta utziz”, Gaztetxeko Asanbladaren berbetan, Eibarko Gaztetxeak martxoaren 25ean irekiko ditu ateak berriz ere.

Asanbladakoen berbetan, “azken hilabetetan buru-belarri ibili gara gure etxea konpontzen, ordu mordoa sartuz eta auzolana eginez. Eskerrak eman nahi dizkiegu modu batean edo bestean laguntza eman diguten norbanako zein eragile guztiei, eta esker berezienak Ondarruko (OGA) eta Debako (DGA) Gaztetxeei emandako material guztiagatik. Aupa zuek!”.

Aro berri honetan herriko pertsona eta eragile orori egiten diete gonbidapena “Gaztetxeko parte izatera eta orohar bertan egingo diren ekintzetan parte hartzera”, euren berbetan.

 

Erasoak Gaztetxean

Gaztetxeko Asanbladak orain dela egun batzuk Gaztetxean gertatutako ekintzak argitu nahi izan ditu baita ere: “Amenabarreko txikitzaileek, Udalak isuna jarri dietenaren aitzakiarekin, gure etxea suntsitzen saiatu dira. Hortaz konturatu ginenean, Gaztetxeko kideak bertaratu ginen eta aurre egin genienez, euren langileak eta txakurrak joatea lortu genuen. Eraso hau guztiz gaitzesten dugu eta gure etxea defendatuko dugula argi laga nahi dugu”.

EIbarko Gaztetxean gertatutakoaz gain, beste herri batzuetako gertakizunak salatu nahi izan ditu asanbladak: “Irakurketa honen bitartez elkartasun eta babes guztia azkenaldian erasoak pairatu izan dituztenei: Berrizeko Hiltegixek pairatutako lau lapurretak, Durangoko Sorginola Gaztetxearen eraisketa, Laudioko Gaztetxearen husteari aurre egiteagatik jasandako isunak, egonkorra ez den Donostiako Alde Zaharreko Gaztetxea, Arrasateko Gaztetxeak jasandako erasoa eta Udal Gobernuaren pasibotasuna, eta Gasteizko Gaztetxeak jasandako mehatxu eta erasoak”.