GIGA proiektua jaio da

GIGA proiektua jaio da
2011/10/21 eta kitto!

Elgoibarko Makina-Erraminta Institutuak (IMH), Armeria Eskolak, Elgoibarko Meka Lanbide Heziketako Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, Euskadi-Innova ekimenaren bidez, 4 urtez (2008tik 2011ra) eskualdeko enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntzak bultzatzeko ekimena aurkeztu zuten: GIGA proiektua.


ETE-en berrikuntzak bultzatzeaz gain, ikastetxeek enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuak dibertsifikatzea; ikastetxeetan enpresei besterendu dakizkiekeen berrikuntzak esperimentatzea; enpresentzat, profesionalentzat eta ikasleentzako formazio katalogo aurreratua garatu eta egikaritzea; aditzera emateko jardunaldiak antolatzea eta prozesu teknologikoetan teknologia eta praktika onak transferitzea; eta lanbide heziketa programetan teknologia eta joera berriak barneratzea dira GIGA proiektuaren helburuak.


Enpreseetara jo


GIGA egitasmoak prozesu industrial ezberdinak hartzen ditu bere barne: diseinua, fabrikazioa, neurketa, muntaketa, automatizazioa, mantentzea, lotura, sistemak, saiakuntzak, babesleak eta txukuntzeak, eta konponketak, besteak beste.


Egitasmoa aurrera eramateko, bestetik, enpresen parte hartzea ezinbestekoa izango da. Horrela, enpresetara joko dute GIGA proiektuaren arduradunek, euren partaidetza bultzatzeko, eta egitasmoarekin bat egiten duten enpresetan berrikuntza proiektuak garatuko dira.


Zabalkunde jardunaldia Armerian


Armeria Eskola da GIGA proiektuko bazkideetariko bat, horrela, atzo zabalkunde jardunaldi bat jaso zuen egitasmoaren barruan. Jardunaldia 16.00etan hasi zen eta, bertan, esparru industrial ezberdinetan dauden azken joerak zeintzuk diren entzun ahal izan zituzten hurbildu zirenek Tekniker, DMG Iberica eta CMZ Machinery Group enpresetako arduradunen eskutik.


GIGA-ren barruan, Armeriako irakasle bik enpresa ezberdinen diagnostikoa egingo dute 4 urtetan zehar, enpresa hauek dituzten aukerak zeintzuk diren aztertzeko.