Gorka Blázquez (tabernaria): "Jubilatuak bezero onak dira"

Gorka Blázquez (tabernaria): "Jubilatuak bezero onak dira"
2012/09/14 eta kitto!

- Nolatan animatu zarete tabernaren ardura hartzen?
Nahiko azkar joan da dena. Untzagako jubilatu etxean tabernarako arduradun bila zihardutela jakin genuen eta horrela, gure artean berba egiten hasi eta animatu ginen. Hasieran hiru lagunen artean hartzeko asmoa genuen, baina gutariko batek bete eskaintza bat jaso zuen eta, azkenean, Ander eta biok tabernaren kargu hartzea erabaki genuen. Jubilatu etxeko zuzendaritza-kideekin berba egin genuen eta, eurek egoki ikusi zutenez, ba beharrean hasi ginen.

- Aurretik tabernari jardundakoak zarete?
Anderrek hilabete batzuk eman zituen aurretik tabernan beharrean, baina niretzat lehen aldia da hau. Izan ere, guk Elgoibarko IMHn ostalaritzarekin zerikusirik ez duten ikasketak egin ditugu, baina une honetan industrian lana aurkitzea oso zaila da eta pare bat urtez beharra aurkitu ezinda geundenez, hauxe beharrean hasteko aukera polita zela pentsatu genuen.

- Eta nolakoa izaten dihardu tabernako esperientziak?
Egia esateko abuztua oso hilabete lasaia izan da, jende gutxi ibili da orain arte. Baina behin Arrateko jaiak igarota, jende gehiago etortzen hasi dela ikusten dihardugu, egunetik egunera gero eta mahai gehiago betetzen ari zaizkigu.

- Zelako eskaintza daukazue?
Edozein tabernatan moduan, kafeak eta edariak zerbitzen ditugu eta, horiekin batera, pintxoak eta kazuelatxoak ere prestatzen ditugu. Egunero 10.00etatik 21.30etara zabaltzen dugu, eguaztenetan izan ezik.

- Eta zelako bezeroak dira jubilatuak? Zer eskatzen dizuete gehien?
Orain arte batez ere kafeak eta txikitoak atera ditugu eta arratsalde partean jateko zerbait ere eskatzen dute askok. Orohar bezero onak dira, gehienek mahaitik edalontziak eta bestelakoak jasotzen laguntzen digute eta gurekin pozik daudela diote.