Markel Goimendiourrutia, arotza: “Arotzeria probatu eta berehala liluratu nintzen”

Markel Goimendiourrutia, arotza: “Arotzeria probatu eta berehala liluratu nintzen”
2019/05/03 eta kitto!
Markel Goimendiourrutiak brontzezko domina eskuratu zuen Spain Skills 2019 lehiaketan, Lanbide Heziketako olinpiadetan. Ikasitakoa praktikan jarri ahal izan zuen Madrilen jokatutako lehiaketan eta pozik amaitu zuen emaitzarekin. Markelek zurgintza ikasketak egin ditu Gasteizen eta orain praktikak egiten dihardu enpresa batean.

 

- Brontzezko domina lortu zenuen Spain Skills lehiaketan. Nolako esperientzia izan zen?

Lehenik bastidore bat egin behar izan nuen (leihoen inguruan kokatzen den marko antzeko bat, kurbekin). Aurreko egunean lehiaketan egin behar genuena planoan ikusi ahal izan genuen, baina asko espezifikatu barik eta lehiaketaren egunean neurriak eta bestelakoak jasotzen zituen planoa eman ziguten. Egun bi eduki genituen eskatutakoa egiteko, zortzi ordu egun bakoitzean, eta hirugarren egunean aulki bat egin behar izan genuen.

- Epaileek zer hartzen zuten kontutan puntuak emateko orduan?

Parte-hartzaile bakoitza 100 punturekin hasten zen eta akatsak edukiz gero epaileek puntuak kentzen zituzten. Adibidez, elkargune batean milimetro bateko akatsa egotea, egurra leuna ez uztea... akatsak ziren.

- Proba zailak izan ziren?

Egindakoarekin gustora amaitu nuen, baina zerbait gehiago egiteko gogoarekin geratu nintzen. Lehen postuan geratu zenak bere lana oso ondo egin zuen, baina bigarren postutik eta azkenera arteko lehia oso parekatua izan zen. Denboraren kontua izan zen zailena, denbora gehiago utzi izan balute, ez dakit zer pasatuko litzatekeen, baina ni trankilago ibiliko nintzen.

- Spain Skillserako bereziki prestatu zinen edo ikasturtean ikasitakoarekin nahikoa zen?

Euskadiko txapelketarako astebete besterik ez nuen eduki prestatzeko, arazo batzuk zirela medio, baina Espainiako lehiarako pare bat hilabete egon naiz prestatzen. Lehenengo, klaseko proiektuekin ibili nintzen, baina amaitu nuenean goizez entrenatu egin nintzen eta baita arratsalde batzuetan ere. Adibidez, bastidoreak egiten ibili nintzen, aurreko urteetan Spain Skillsen egin izan zena kontuan hartuta, baina bastidore horiek karratuak ziren eta lehiaketa honetan kurbekin egiteko eskatu ziguten. Ez nuen sekula horrelakorik egin!

- Aurretik egin bariko zerbait izanda, brontzezko domina lortzea ez da gauza makala.

Hasieran beldurtuta negoen, galduta, baina azkenean ondo irten zitzaidan.

- Zergatik jo duzu zurgintzaren mundura?

Sukaldaritza ikasten ibili nintzen, baina utzi egin nuen eta ez nekien zer egin. Orduan, arotzeria ikastaro bat zegoela ikusi eta probatu egin nuen. Liluratuta geratu nintzen.

- Orain praktikak egiten zabiltza, eta gero zer?

Oraindik ez dakit. Lanpostua eskaintzen badidate, hartu egingo dut, klasean eta lanean egiten dena ez direlako gauza bera, ez dauka zerikusirik. Praktiketan, adibidez, egur trinkoa lantzen dut eta asko gustatzen zait, gauza zailak gustatzen zaizkidalako. Armairuak, mahaiak... egiten ditut eta lan nekeza da, baina oso gustokoa dut.