[GAZTEON!] "Gogoko tokian, aldaparik ez"

[GAZTEON!] "Gogoko tokian, aldaparik ez"
2021/03/18 eta kitto!
Azken urteotan oso ohikoa da gazteen artean Erasmus programan parte hartu eta kanpora alde egitea. Atzerrian ikasi, parranda egin, lagun berriak egin, hiriak deskrubritu, kulturak ezagutu, hizkuntzak ikasi... Zalantzarik gabe, ideia ez da batere txarra.

Erasmus bekak izan dira, hamarkadetan zehar, milaka ikaslerentzat mugak gainditu eta Europako herrialdeetan ikasteko aukera gogokoena. Aurten, ordea, COVID-19ak eragindako pandemiak agertoki ezberdin samarra dakar kasu honetan ere.

Badirudi COVID-19a munduko biztanleen artean denbora batez geratzeko etorri dela. Birusak bete-betean harrapatu ditu Erasmus trukaketaz gozatzen duten milaka ikasle, eta egoerak eragin nabarmena izan du programaren nondik norakoan. Hala ere, osasun-arazoak eta murrizketak gorabehera, gazte askok beren planei eustea eta Europako herrialdeetan mugikortasun akademikoa egitea erabaki dute. Ikasturte honetako “Erasmus birtualak” nolabaiteko ika-mika sortu du ikasle unibertsitarioen artean, programaren funtsa ez datorrelako bat egungo neurriekin eta kontraesan handiak daudelako gaiaren inguruan.

Maialen Martinez Suedian Maialen Martinez Suedian

Murrizketa horiek gazteongan sortu dituzten iritziez jarduteko, Europako herrialdeetan egonaldia egin duten edo egiten diharduten gure herriko unibertsitate-ikasleak bildu ditugu haien kanpo-egonaldiak gertutik ezagutzeko asmoz. Batetik, Maialen Martinez 21 urteko gaztea, zeinari pandemiak urtebetekoa izan beharko lukeen egonaldia murriztu dion; sei hilabeterako Suediako Umea herrira joan da Enpresa eta Zuzendaritza graduko 4.maila egitera. Bestetik, kontrako egoera bizi duen eibartarra, Olatz Mandiola. Ikasturte erdirako egonaldia egiteko aurreikuspenarekin joan zen Oportora eta azkenean ikasturte osoan bertan geratzeko erabakia hartu du. Industria Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko 4.mailako ikaslea da Olatz. Horrez gain, Alemaniako Erlangen hirian bizi den Marina Ereña eibartarra daukagu, Filologia alemaniarra graduko 3.maila ikasten diharduena. Azkenik, dagoeneko esperientziaz gozatu eta Eibarren bueltan den Julen Leturiondo. Bruselako Gante hirian egin ditu Julenek laupabost hilabete Ikus-entzunezko komunikazio graduko 3.maila egiten.

Murrizketak nonahi

Esan bezala, COVID-19aren ondoriozko nazioarteko mugikortasunaren murrizketek ikasle-trukeei bete-betean eragiten dietenez, Erasmus esperientziaren kontzeptua errotik aldatu da: on line eskolak edo erdi-presentzialak, musukoaren derrigorrezko erabilera, bilera pribatuak mugatzea, tabernak eta diskotekak ixtea, 14 eguneko berrogeialdiak… Ohiko Erasmusarekin zerikusirik ez duten neurriak daude indarrean.

Olatz Mandiola Oporton Olatz Mandiola Oporton

Tokian tokiko egoeraren araberako erabakiak hartu dituzte ikasle hauek dauden herrialde ezberdinetan. Alemanian, esaterako, Marinak honela diosku: “Musukoa erdigunean, dendetan eta garraio publikoan besterik ez da derrigorrezkoa, baina ezin dugu bizikideak ez diren beste inorekin elkartu”. Suedian, aldiz, bestelako tradizioak dituztela azaldu du Maialenek: “Suediarrek ez dute hainbeste jenderekin elkartzeko ohiturarik, euren zirkulu soziala gurea baino askoz ere mugatuagoa da, horregatik dira leunagoak hemengo mugak”. Protagonisten artean esan daiteke debeku zorrotzenak bizitzen ari dena Olatz dela, Oporton: “Gabonen ostean larrialdi-egoeran sartu zen herrialdea eta geroztik erabateko etxealdia ezarri ziguten”.

Julen Leturiondo Belgikan Julen Leturiondo Belgikan

Haatik, murrizketak ez dira oztopo izan ikasleentzat esperientziaz behar bezala gozatzeko. Lau gazteak bat datoz esatean osasun-krisia dela-eta ezin dutela Erasmus ekimena urtero egin ohi bezala bizi: jende askorekin elkartu ez, jai edo festarik ezin egin, tabernak eta diskotekak itxita, bidaiatzeko muga handiak… Baina, aho betez diote ez direla joan izanaz damutzen, ezta gutxiagorik ere, eta atzera eginez gero, zalantzarik gabe hautatuko luketela berriro ere kanpora joatea. “Eibarren geratu izan banintz baino askoz ere bizipen eta esperientzia gehiago bizitzen ari naiz hemen, Oporton”, diosku Olatzek. Honela gehitu du Maialenek: “Argi daukat hona etortzea hartu dudan erabaki onena dela eta kontziente naiz nolako zortea dudan COVID garaian esperientzia hau bizi ahal izanda”. Horrez gain, esperientzia ikaskuntza pertsonal gisa ikusten dute Julenek eta Marinak, eta haiek diote “kultura, hizkuntza eta pertsona ezberdinak ezagutzeko” abagune ezin hobea dela. Julenek, gainera, honela gehitu du: “Harremanak zaintzen, jende berria ezagutzen eta gizartea errespetatzen ikasten da egonaldian zehar”.

Batetik bestera

Nahiz eta mugikortasun-muga handiak indarrean egon Europako herrialde gehienetan, ikasleak nola edo hala moldatzen dira bidaia, ibilaldi edo txangoak egiteko. Julenek, esaterako, Belgikako hainbat herri bizitatzeaz gain, gertuko herrialdeetara ere bidaiatu du, hala nola, Herbeheretara eta Alemaniara. Maialenek ere, nahiz eta Suediako mugak itxita egon, herrialde barruan bidaiatzeko aprobetxatu du, eta orain dela gutxi Laponiara joan zen asteburua pasatzera. Olatzek eta Marinak, ordea, osasun-egoera dela eta, alboko herrialdeetara besterik ezin izan dira joan. Hala ere, biek diote laster pandemiak hobera egingo duelako itxaropena dutela eta badituztela irteerak planifikatuta: Olatz Azore uharteetara joatekoa da eta Marinak Munichera eta Berlinera joateko asmoa dauka.

Marina Ereña Alemanian Marina Ereña Alemanian

Gogoko tokian, aldaparik ez

Ezin hobeto azaleratzen ditu esaera zaharrak lau gazte hauen egoeraren aurrean dauzkaten iritziak eta jarrerak, murrizketak ez baitira oztopo izan Erasmus esperientziaz gozatzeko. Begi-bistakoa da ikasturte honetako Erasmus esperientzia bestelakoa eta bakarra izango dela, baina horrek ez du esan nahi ez dela probetxuzkoa izango, inolaz ere. A b e n t u r a z a l e a d e n a r i ondo etorriko zaio hurrengo orrialdean gazte eibartarrok emandako gomendioak aintzat hartzea.