11 koronabirus kasu berri Eibarren, 27 Debabarrenean

11 koronabirus kasu berri Eibarren, 27 Debabarrenean
2020/10/21 eta kitto!
Osasun Sailak argitaratu dituen azken datuen arabera, aurreko egunetan baino positibo berri gutxiago baieztatu ziren atzo Debabarrenean. 27 izan ziren, guztira, bailaran zenbatu zirenak. Herriz herri begiratuta, 11 Eibarren (557,18ko intzidentzia tasarekin), 8 Ermuan (704,53), 4 Elgoibarren (707,81), 2 Deban (514,23) eta beste bi Soraluzen (863,60).

Osasun Sailak  14 eguneko inzidentzia tasa neurtzeko “Semaforoa” deitzen dion sistema garatu du. 5.000 biztanletik gorako udalerrietan berdea (0-60), horia (60-299), laranja (300-499) eta gorria (500etik gora) azaltzen dira. Eibar, Ermua, Elgoibar eta Debak intzidentzia tasaren zonalde gorrian jarraitzen dute.

Atzo, 10.817 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 819 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera: 85 Araban, 342 Bizkaian, 377 Gipuzkoan eta 15 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan.

Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 59 pertsona ZIUn daude.

Bestalde, urriaren 12tik 18ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, ondoriozta daiteke COVID dela eta 44 hildako egon direla.

Atzo Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak urgentziazko bilera egingo zuen herrietako alkateekin. Olanok azaldu duenez, "gizarte gisa, harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta soilik lortuko dugu kasuen gorakada geldiaraztea eta kutsatze lerroak moztea", eta "orain egiten dugunaren araberakoa izango da datozen asteetako bilakaera". Egungo egoerari buelta emateko, "konpromiso eta esfortzu komunitarioaren" beharra azpimarratu du; "horrela bakarrik lortuko dugu eta kolektibo ahulenen bizitzak babestea".