115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo lehen seihilekoan

115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo lehen seihilekoan
2022/09/07 eta kitto!
Debabarrenako Mankomunitatetik aditzera eman dutenez, 115 tona hondakin jaso dira lehen seihilekoan Debabarrenako edukiontzien kanpoaldean. Horrek esan nahi du batazbeste 645 kg jaso zirela egunero. Mankomunitateak herritarrei gogorarazi nahi die hondakinak edukiontzi barruan utzi behar direla, kanpoan uzten diren hondakin solteak eta hondakin poltsak ez baitira birziklatzen, hau da, errefusara doaz zuzenean.

Hondakin mota bakoitzak bere bidea egiten du
Gaikako bilketa egiten duten kamioiak puntuetatik igarotzen direnean, edukiontzietako hondakinak jasotzen dituzte eta kanpoan geratzen diren poltsak atzetik igarotzen den beste kamioi batek jasotzen ditu, eta honek ezin ditu poltsa guztiak bereiztu.

Behin kamioiek hondakinak gaika jasotzen dituztenean, hondakin bakoitzak bere bidea egiten du: hondakin organikoak Epelera (Bergara) bideratzen dira konpost bihurtzeko, papera eta kartoia Zornotzara (Saica enpresera) bideratzen dira birziklapenerako, ontzi arinak Legazpira bideratzen dira, Ecoembes-era, plastiko gogorra Aizarnazabalera (recuperados Isasi) eramaten da eta, azkenik, egurra Legazpira (Egondo).
Mankomunitateak aditzera eman zuenetik edukiontzien kanpoan hondakinak uzten dituztenekin neurriak hartzen hasiko zela, atestatu bat egin dute udaltzaingoek.