[ eta ERREPORTAJEA] Eibarko Pentsiodunen Taldeak bost urteko borroka ospatu zuen asteleheneko elkarretaratzean

2023/01/20 eta kitto!

Eibarko Pentsiodunen Taldeak bost urteko borroka ospatu zuen asteleheneko elkarretaratzean. Euria etenbarik botatzen ari zela eta, udaletxeko arkupeetan elkartu ziren, pintxo, edari eta salda beroa hartzeko. Astelehenero 120 bat lagun batzen dira Eibarren, Untzagan egin ohi diren kontzentrazioetan. Urteotako borrokari esker hainbat lorpen eskuratu dituztela eta pozik daude, baina, aurrera begira, oraindik ere pentsio duin eta publikoen alde borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) 2018ko urtarrilaren 15ean mobilizazioen hasieraren bosgarren urteurrena ospatzeko antolatutako ekimenen berri eman zuen aurreko astean Bilbon, Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Komunikabide asko bildu zituen ekitaldiak eta, gainera, ehun bat pentsiodun batu ziren, gehienak Bizkaikoak, baina baita Araba, Gipuzkoa eta Nafarroakoak ere.Agerraldian urteurrenaren harira kaleratu duten manifestuaren laburpena egin zuten mugimenduaren ordezkariek. Manifestu horretan mobilizazioaren bost urte hauetako ibilbidea, lorpenak eta aldarrikapenenetatik lortzeke direnak jaso dituzte eta, azpimarratu zutenez, “gure protesta eta mobilizazioekin jarraituko dugu, pentsio publiko eta duinak lortu arte, batez ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioa”.

Izan ere, argi laga nahi dute EHPM-ren erronka nagusia pentsio duinen borrokan jarraitzea dela: “Gizarte-sektore zabalak mobilizatu behar ditugu, 2020ko urtarrilaren 30ean egin genuen bezala, baina, batez ere, baldintzarik gabeko laguntza eskaini behar diegu langileei eta gazteei. Pentsiodunak eta langileak kate bereko bi kate-maila gara”.

Hala ere, asteleheneko elkarretaratzeetan bildutakoek bazuten zer ospatu: “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lortutakoa ospatzen dugu: 2013ko PPren erreformaren PEIa (0,25) indargabetu dugu. Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela frogatu dugu, estatuak bere gain hartzen baditu Gizarte Segurantzari dagozkion kudeaketan sartu arren, Estatuko Aurrekontu Orokorrekin ordaintzekoak direnak. Iraunkortasun Faktorea indargabetu da, eta gure pentsioak erdira murriztu nahi zituzten erabaki berriak hartzea saihestu dugu”.

Eta lorpen horiek borrokari zor dizkietela ere oso garbi daukate: “2018an plazetara atera ez bagina, 2017ko 700 euroko pentsioa 710,60 eurokoa izango litzateke 2023an, eta mila eurokoa 1.015,1 eurokoa. Hori da bost urtetako igoera! EHPM harro dago euria egin zein eguzkia egin, 230 astelehen geroago kalean jarraitzen dugulako, gure pentsioen alde eta atzetik datozen belaunaldietako pentsio publiko duin, justu eta nahikoen alde borrokatzen”.

Eta norbaitek zalantzarik balu, zenbakiei begiratu eta berehala konturatuko da pentsiodunak ez direla geldirik egon bost urte hauetan: 5 urte, 60 hilabete, 261 aste; 230 asteleheneko elkarretaratze, 85 herri baino gehiagotan eta lau euskal hiriburuetan; 18.000 kontzentrazio inguru lirateke herri eta hiriburu guztiak batuz gero.

pentsiodunak

Kantua eta aldizkari monografikoa
Bosgarren urteurrena dela eta, kartel berezia eta pentsiodunen borrokari eskainitako aldizkari berezia kaleratu dute. Eta, hori gutxi balitz, kantua ere egin diote: “Pentsionistak Aurrera!”. Abestiari hitzak Xabier Amurizak idatzi dizkio eta musika Modus Operandi taldearena da. Bideoklipa, berriz, bost urte hauetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herri askotan egindako mobilizazio garrantzitsuenen ikus-entzunezko muntaia batekin egin dute.

Pentsiodunen borrokari esker lortu dutenarekin pozik agertu da, baita ere,  Eibarko Pentsionista Taldeko Emilio Aiastui: “Guk oso balorazio positiboa egiten dugu. Alde batetik, gauza batzuk lortu ditugu. Igual gauza handirik ez, baina azken batean uste dut garrantzitsuena izan dela 0,25 hori pikutara bidaltzea. Gero badago beste kontu bat, guk 'factor de sosteniblidad' deitzen dioguna. Zapatero presidente izan zeneko garaian onartu zen, eta une honetan behintzat baztertuta dago. Lortu ditugun gauza guztien artean, neretzat garrantzitsuena da pentsioak lotuta egotea lortu dugula. Hau da, estatuko aurrekontu orokorretan sartuta dago eta, beraz, une honetan, KPI-aren araberako %8,5-ko igoera hori bertan sartuta, lotuta dago”.

Hala ere, aurrera begira mobilizazioekin jarraitu beharra dagoela uste du: “Guk oso argi daukagu lortu duguna mobilizazioei esker dela. Orduan, bidea hori da. Hemendik aurrera ere helburu nagusia mobilizazioa izango da”. Eta horretarako ere hamaika arrazoi daudela pentsatzen dute: “Onartezina da geroz eta pentsiodun gehiagok oinarrizko premiak betetzeko arazoak izatea, hala nola etxe erosoak, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duinak eta nahikoak izatea. Soldaten eta pentsioen genero-arrakalarekin amaitu egin behar da, emakumeei pentsio duina jasotzeko eskubidea aitortuz, alargun pentsioa ezkontidearen oinarri arautzailearen %100era handituta. Murrizketen erreformak indargabetzea (2011, 2013, 2021). Gutxieneko pentsioak sintonian batez besteko soldataren %60-ko LGS-rekin. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain!”.