35.000 maskara baino gehiago banatu dituzte makinak jarri eta lehen astean

35.000 maskara baino gehiago banatu dituzte makinak jarri eta lehen astean
2020/05/22 eta kitto!
Urkotronikek Eibarko Udalari gaur goizean emandako datuen arabera, aurreko barixakuan txartelak banatzen hasi zirenetik bart gauera bitartean, 35.012 maskara (4 aleko 8.753 pakete) jaso dituzte eibartarrek asmo horrekin ipini dituzten makinetan. Maskara gehien, 14.732, Calbeton kaleko makinan banatu dira. Bigarren erabiliena, berriz, Berdintasunaren pasealekuko makina izan da  (6.356 maskara) eta, horren atzetik, Orbea kiroldegikoa; Azitain eta Kantoi gasolindegietan 4.048 eta 4.412 maskara banatu dira, hurrenez hurren eta Ipuruan, Eibar Kirol Elkartearen dendan makina egun batzuk geroago ipini dutenez, 400 maskara banatu dituzte.

Udaletik azaldu dutenez, “dagoen eskaerari erantzun ahal izateko, Udalak lehendik zeuzkan maskarez gain, beste 80.000 ale erosi ditu orain dela gutxi, eta beste horrenbeste erostea aurreikusi da”. Herritarrentzat eskuragarri ipintzen ari diren maskarek, erabilera bakarrekoak izan arren, lau ordutako iraupena dute. Hala ere, gogorarazi dutenez, maskara jantzi arren, ahal den guztietan gainontzeko higiene arauak betetzen jarraitzea komeni da. Horrekin batera, herritarrei gogorarazi nahi diete “arduraz jokatu behar dutela, eta, ahal dela, jende-pilaketak saihestu”. Bestalde, txartel edo makinekin arazorik izanez gero, Urkotronikek martxan ipini duen 619883000 telefono zenbakira deitu daiteke.