4. TXANGOA: Karakate-Dolmenen ibilbidea-Irukurutzeta

4. TXANGOA: Karakate-Dolmenen ibilbidea-Irukurutzeta
2021/04/23 eta kitto!
Irukurutzetako gainera doan txangoa proposatzen dugu oraingoan, estazio megalitiko ezin ikusgarriago batetik doan ibilbide erraza zeharkatuz. Ia seguru irakurle gehienek ezagutzen duzuela edo, behintzat, horren inguruko berririk jaso izango zenutela; hala ere, hain balio handia eta tamaina horretako edertasuna duen paisaiak ondo merezita du, zalantzarik gabe, bisita bat baino gehiago egitea. Beti aurkituko dugu-eta guretzat ezustekoa ekarriko digun edozein arloko edertasun ikuskizunik.

Joan-etorriko ibilbidea eskaintzen dizuegu oraingoan, 10 kilometrora helduko den luzerakoa. Hori bai, edozein unetan buelta emateko aukera eskaintzen diguzuena bada ere, uste dugu merezi duela Irukurutzeta gaineraino iristea, bertatik gertu, heldu baino zertxobait lehenago, ibilbidean dagoen menhir ikusgarri eta bakarrarekin egingo dugulako topo.

Parkeak guztira 19 monumentu dituen arren, hemen proposatzen dugun ibilbidean euretako 10 ikusiko ditugu (lau dolmen, bost tumulU eta menhirra). Batzuk, aipatutako menhirra kasu, Neolitikoak dira (4.000-3.000 K.a.), eta beste batzuk Brontzezko Arokoak (2.000-1.500 K.a.). Eta guzti-guzti hori zuen etxetik minutu batzuetara. Hasi dezagun, beraz, ibilbidea.

Antenaren ondotik abiatuta
Hasteko, Soraluzera joan beharko gara autoan eta, behin bertan, pistatik Karakatera igoko dugu; dolmenen ibilbidea markatzen diguten hainbat kartelekin ere egingo dugu topo. Autoa lagako dugu asfaltatutako pista amaitzen den gunean, antena handiaren alboan. Eta, ibilbidea hasi aurretik, interesgarria suertatu dakiguke abiatu behar dugun ibilbidearen inguruko berri emango dizkiguten informazio-kartelak irakurtzea. 740 metroko altueran gaude eta zain dugun Irukurutzetak 898 metro ditu; horregatik, ez dugu desnibel handirik gainditu beharko txango honetan.

Ibilbidea markatutako bide zabaletik hasiko dugu; ditugun aukeren artean gehien erabilitakotik joko dugu beti eta Irukurutzeta seinaleztatzen digun bidetik jarraituko dugu. Bideak mendiaren bizkarraldeari jarraitzen dio, Elgoibar ezkerrera dugula eta Soraluze eskumara. Monumentuak -erantsitako planuan zehaztuta- ikusten joango gara, arazo barik, aurrera egiten dugun neurrian.

Obelixen jostailua
Irukurutzeta gainera iritsi baino zertxobait lehenago gure ezkerrera Arribiribilleta menhir ezin ikusgarriagoa izango dugu gure ezkerrean, eta aukera paregabea eskainiko digu gaztetxoenei Obelix ahaztezinaren abenturak gogorarazteko, bizkarrean beti eramaten zuen menhirra aitzakia gisa erabiliz. Metro batzuk bakarrik aurrera eginez, Irukurutzeta dolmena izango dugu aurrez aurre; horrek ere merezi ditu minutu batzuk, behaketarako.

Aipatutako ibilbide guzti horretan mendi mitikoen gaineko bista zabalekin gozatzeko parada izango dugu: Anboto, Udalatx, Gorbeia... gu inguratzen.

FITXA TEKNIKOA
Distantzia: 9,8 km. (joan-etorria)
Pilatutako desnibela: 250 m.
Denbora: Lau ordu/lau eta erdi


 

mendia1 mendia3