89 urte geroago, lepo bete zen plaza huts-hutsik

89 urte geroago, lepo bete zen plaza huts-hutsik
2020/04/14 eta kitto!
Gaur egun bizi dugun egoera bereziak gure bizitza goitik behera aldatu duenez, Errepublika Eibarren aldarrikatu zela mendea osatzeko 11 urte falta direnean ere, egun horren ospakizuna berezia izango da. Izatekotan! Urterik-urteko ekitaldi jendetsuetarako tarterik ez dagoelako oraingoan. Egun hartan herriak bizi izan zuen jai-giroak ez du horretarako biderik lagatzen oraingoan. Egun hartan izena hartu zuen Untzaga plazaren irudiok ikustea besterik ez dago.

Miguel Primo de Riveraren diktadura erori ondoren, 1931ko apirilaren 12an udal hauteskundeak egin ziren udal demokratikoak osatzeko. Hortik ateratako errepublikar-sozialisten 18 ordezkarik eta nazionalista bakarrak osatu zuten hurrengo korporazioa, Alejandro Telleria alkate zutela. Hurrengo eguna, hilaren 13a, zalantzaz betetakoa izan zen, handik eta hemendik ziurtasun gabeko berriak sortuz. Eta, aurten bezala, martitzena izan zen apirilaren 14ean hainbat zurrumurruk indarra hartu zuten goiz-goizetik. Errepublika aldarrikatu zutela zabaldu zen Eibarren eta eibartar asko bildu zen Untzagako plazan. Zinegotzi berriek Alfontso XIII.aren erretratua kentzea erabaki zuten eta errepublikar bandera igo zuten udaletxeko areto nagusian. Telleria alkateak zinegotzi gazteenari agindu zion bandera hori igotzea, Mateo Kareagari.

Orain dela 89 urte hartako apirilaren 14a egun eguzkitsua izan zen. Bezperatik orduko eibartarrak urduri zeuden, ezkerrak irabazitako hauteskundeek zer emango zuten zain. Gure herriko emaitzak ezin argiagoak izan ziren: hemeretzi zinegotzitik (gaur egun baino bi gutxiago orduko hartan), hamar zinegotzi sozialista, zortzi errepublikar eta bestea nazionalista. Goizeko 07:00retarako jende asko eta asko batu zen udaletxearen aurreko Alfontso XIII. plazan. Suhiltzaileen eskailera bat hartu eta gizon batek plazaren izena zeraman plaka kendu zuen eta, ordutik, Untzaga izena hartuko zuen plaza horrek. Bitartean, jendeak saltoka eta jauzika ospatu zituen berriak, jotzen ziharduten Riegoren Himnoaren eta Internazionalaren erritmoei jarraituz. Errepublikaren banderak presiditzen zuen unea. Jarraian pasodobleen ordua izan zen. Eibarren bizi izan zuten jaiak Ermua, Elgoibar eta Elgetako bizilagunak ere izan zituen lekuko, baina handik gutxira zalantzak ere zabaldu ziren herrian, akaso arinegi ospatzen hasi zirelakoan. Jendeak, horregatik, Guardia Zibilaren koarteleraino jo zuen, baina han ere ez zekiten ezer. Arratsalderako argitu ziren kontuak, lehenengo Bartzelona eta gero Madril ere errepublikanoak zirela jakin zenean.

Eibar errepublika aldarrikatzen lehena izateak izan zuen bere saria, handik urtebetera Niceto Alcala Zamora Errepublikako presidenteak herria bisitatu zuenean eta kaleak berriro ere jendez eta musikaz bete zirenean. Hiri izendapena ere lortu zuen Eibarrek egun berezi hartako jarrerari esker. Baina 1931ko goiz hura gaurkoa baino askoz ere jendetsuagoa izan zen. Zelan aldatzen den bizitza, kamarada!

errepublika2 Untzaga, 1931ko apirilaren 14an.

 

Untzaga 2020-4 Untzaga gaur, konfinamenduaren 30. egunean