Abenduaren 2ra arte luzatu dute ‘Harro nago zutaz, Eibar vs Amorratu egiten nauzu, Eibar!’ lehiaketara aurkezteko epea

Abenduaren 2ra arte luzatu dute ‘Harro nago zutaz, Eibar vs Amorratu egiten nauzu, Eibar!’ lehiaketara aurkezteko epea
2021/11/04 10:46
eta kitto!
Hamabi argazki aurkeztu dituzten zazpi lagunek eman dute izena ‘Harro nago zutaz, Eibar vs Amorratu egiten nauzu, Eibar!’ lehiaketan eta, horren aurrean, udalak abenduaren 2ra arte luzatu du lanak aurkezteko epea.

Lehiaketak 2 atal ditu: Harro nago zutaz, Eibar! eta Amorratu egiten nauzu, Eibar!. Aurrenak, “Harro nago zutaz, Eibar!” atalak  Eibarrek dituen gauza onak, Eibarko herriaz harro sentiarazten gaituen hori irudikatzen duten argazkiak jaso nahi ditu. “Amorratu egiten nauzu, Eibar!” atalak Eibarrek dituen gauza txarrak, Eibarren amorrarazten gaituena irudikatzen duten argazkiak bilduko ditu.

 

Parte hartzeko baldintzak

Argazkia JPG formatuan aurkeztu behar da. Gehienez ere 2000 pixelekoa izango da alderik handienean; erresoluzioa 300 ppp-koa izanik.

Argazki bakoitzeko izen-emate edo inskripzio bat egin beharko da. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez argazki original 1 aurkeztu ahal izango du atal bakoitzean. Eibarko Klub Deportiboko Argazki Taldeko kideek (6 bozka) eta Ego Ibarra batzordekoek (5 bozka) osatutako Epaimahai ofizialak aukeratuko ditu argazki irabazle biak (argazki bana atal bakoitzeko), eta 500 euroko saria jasoko dute.

Bestalde, 150 euroko sari bi emango dira, epaimahaiak hautatutako argazkietatik, herri-bozketa bidez hautatutako argazkietarako. Herri-bozketarako, Epaimahaiak aukeratuko dituen argazki finalistak Udalaren webgunean jarriko dira, herritarrek botoa eman eta sail bietako argazki bana aukera ditzaten.