Altzoa, emakume alargunen alboan

Altzoa, emakume alargunen alboan
2020/02/25 eta kitto!
Altzoa elkarteak 25 urte bete ditu. 25 urte Eibarko emakume alargunak saretzen, laguntzen, hezitzen, erreibindikatzen, ahalduntzen eta alaitzen. Urte hauetan taldeak gorabeherak izan ditu gizartean izan diren aldaketen ondorioz, baina martxa betean jarraitzen du eguneroko jardunean. Altzoa herriko emakume alargunen alboan dagoelako.

 

Arrate Aranceta, Josefa De la Fuente, Mª Angeles Iriondo, Mª Paz Fernandez de Maruri eta Celsa Diaz dira Altzoa elkarteko zuzendaritzako kideak. Elkartea osatzen duten alargun gehienak 80 urtetik gorakoak dira, “baina ondo antolatuta eta konprometituta gaude, interesatzen zaizkigun eta eragiten diguten gaien inguruan informatuta egotea gustatzen zaigulako”. Elkarteko gazteenak izanik, esaten dute eurei tokatzen zaiela elkartearen funtzionamenduaz arduratzea.

Arrate hasieratik egon da elkartean eta Altzoa nola sortu zen kontatu digu. “Emakume alargunek familia gurasobakarren bileretan parte hartzen genuen, baina ikusi genuen beste toki batzuetan emakume alargunen elkarteak martxan jarri zirela”. Emakume alargunek euren beharren eta nahien araberako gauzak egitea eta antolatzea nahi zuten eta horregatik sortu zuten Altzoa. “Emakume alargunak lagundu eta eurei informazioa emateko sortu genuen elkartea, informazio falta zegoelako eta elkarren arteko babesa ezinbestekoa zelako”.

Hasieran 30 alargun inguru zegoen taldean, baina 20 daude orain. “120 kide inguru izatera iritsi ginen”, Arratek dioenez. “Dirulaguntza gehiago zegoenean ekintza gehiago egiten ziren eta jende gehiago etortzen zen, baina dirulaguntzak jatsi ziren eta guri interesatzen zaizkigun saioak egin ahal ez genituenez, jendeak etortzeari utzi zion”.

Elkarrekin egoteko espazio bat

Taldea sortu eta espazio bat edukitzea zen Altzoaren helburua, eta alargunen garapen pertsonala lantzeko ikastaro eta tailerrak antolatzen hasi ziren. “Normalean, alargunak pertsona nagusiak direnez, nagusiei zuzenduriko erlaxazio tailerrak egiten genituen. Edo, adibidez, psikologia eta trebetasun pertsonala lantzeko saioak egiten genituen alargunek izan genitzakeen beldurrak kentzeko. Emakume alargunei bereziki zuzenduriko ikastaroak ziren”, dio Arratek. Gaitasun sozialak lantzeko saioak, memoria hobetzeko edo publiko aurrean berba egiteko ariketak, etxean edo etxetik kanpo istripuak ekiditeko tailerrak eta etxetik kanpo lan egin ahal izateko formakuntza saioak jaso dituzte urte hauetan, besteak beste.

Dirulaguntzak murriztu, elkarteko kideen adina handitu eta kide kopurua jaitsi egin denez, lehen baino ikastaro eta hitzaldi gutxiago antolatzen dituzte gaur egun, baina eskulanak egiteko, norberaren kontuak beste kideekin partekatzeko eta elkarren berri emateko biltzen dira martitzenero, 16:00etatik 18:00etara, Portalean. “Eta gero kafea hartzen dugu elkarrekin”, dio Celsak. Batzuk jostorratzarekin trebeak dira, beste batzuk goma evarekin bikain moldatzen dira, eta elkarri erakusten diote gauza bat edo beste bat egiten. “Erlaxatzea eta dibertitzea da gure helburua”, Arrateren esanetan.

Altzoa “espazio irekia” da eta ateak zabaltzen dizkie herriko emakume alargun guztiei. “Elkarrengandik asko ikasi dezakegulako eta kalitatezko bizitza justuago batengantik borrokan jarraitu behar dugulako”. Elkartearekin bat egin nahi izanez gero, 640 531 678 telefonora deitu edo arratearanceta@hotmail.com helbidera idatzi daiteke.

Gizartea asko aldatu da azken 25 urteotan eta, hainbat kasutan, emakume alargunen egoera eta ikuspegia ere. “Lehen, bizitza osoan senarrarekin edo beste bikote batekin ibiltzen bazinen, alargun geratuz gero, bakarrik geratzen zinen”, dio Celsak. “Gaur egun, ordea, orokorrean ez dugu arazo hori. Orain dela 12 urte alargun geratu nintzen eta lagunekin bizitza bera izaten jarraitu dut nik, adibidez”. Bere ustez aldaketa horrek Altzoan eragina izan du, alargunek ez dutelako bertako kide izateko beharra sentitzen. Arratek zera gehitzen du. “Orain dela 30 urte, adibidez, lagunen batekin kalean topo egin eta kafe bat hartzera joaten bazinen, jendeak ez zuen ondo ikusten beste gizon batekin kafea hartzen egotea. Gaur egun, zorionez, ez da horrela”. Emakume alargunen pentsaera ere aldatu egin da eta gaur egun ez dute nonbaitera bakarrik joateko beldurrik, adibidez. Altzoan jasotako hitzaldi eta tailerrekin lortu dute eboluzio hori.

Injustizia eta prekarietatea

Nahiz eta gizartea aldatu egin den, emakume alargunen aldarriek hobekuntza gutxi izan dute. “Altzoak bi aldarrikapen nagusi izan ditu. Batetik, emakume alargunen eta euren ondorengoen eskubideen alde egitea. Senarraren heriotzaren ondorioz dolua eta bakardadea jasateaz gain, familiaren ekonomia kaltetu eta emakumea pixka bat babesgabe gelditzen delako”, euren berbetan. “Bestetik, alargunen pentsioak %45tik %70ra igotzeko eta zurztasun adina 18 urtetik goi-mailako edo unibertsitateko ikasketak amaitu arte igotzeko borrokatu izan dugu”. Bigarren eskari hori lortu dute, baina pentsioen kontua beste gauza bat da.

Emakume alargunak aspalditik dabiltza euren pentsioen alde egiten eta azken urteotan martxan jarri den pentsiodunen mugimenduarekin bat egiten dute, nola ez. “Lehen ez zen emakume alargunen pentsio eskubideei buruz berba egiten, baina orain bai, eta lorpen handia da. Hemen, Felix Elkoroiribe izan zen gure pentsioei buruz berba egin zuen lehen pertsona”, Celsak dioenez. Astelehenero Untzagan biltzen dira euren eskubideak aldarrikatzeko eta buru-belarri dabiltza borrokan.

Martxoaren 8aren atarian, euren aldarriak borroka feministaren barruan entzungo dira. Altzoak Andretxearen Emakumearen Mahaian hartzen du parte eta marea morearen tanta bat gehiago izango dira. “Lehen, azaroaren 25ean edo martxoaren 8an emakume gutxi batzen ginen, baina orain mugimendua asko hazi da eta pozgarria da”.

Eibarko emakumeak saretzeaz gain, herritik kanpora ere iristen da Altzoaren sarea. Elkartegintzaren alde egiten dute eta emakume alargunen beste elkarte batzuekin harreman estua dute. “Beste emakume alargun batzuekin batzeak aberastu eta ahaldundu egiten gaitu, beteta sentitzen gara eta gauza berriak ikasten ditugu egunero. Azken finean, batasunak indartsu egiten gaitu”.

25. urteurrena

Altzoak 25. urteurrena ospatzen du aurten eta urteak daramatzate urteurren berezi horren antolaketa prestatzen. 2019an zehar hainbat ekintza egin zituzten (diptikoak eta kartelak sortu, egutegiak eta agendak banatu) eta loteria saldu zuten gastuak finantzatzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu zigutenei, salmentak harrera ona izan zuelako”, diote.

Herriari elkartearen berri eman eta elkartegintzaren lorpenei buruzko bi mahainguru egin zituzten otsailaren 13an eta 18an Goi-Argi elkartean eta Beheko Tokian, hurrenez hurren, eta hilaren 26an, 18:00etan, Urkiko jubilatu etxean egingo dute azkena. “Elkartea ezagutzera eman nahi dugu, gu geu ere ez garelako konturatzen 25 urte hauetan egin dugun lan guztiaz”, Arrateren ustez.

Ospakizun handia, ordea, martxoaren 28an egingo dute Coliseoan. Izan ere, emakume alargunen elkarteen Lurralde Batzarra herrian jasoko dute eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkarte guztiak etorriko dira. “Urteak daramatzagu batzarra Eibarren egin nahian eta polita izango da Altzoaren 25. urteurrenean Coliseoan egitea”. Nola ez, Eibarko emakume alargun guztiak gonbidatu dituzte.