Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituztenentzako tailerra

Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituztenentzako tailerra
2022/02/10 eta kitto!
AFAGIk estimulazio kognitiboa lantzeko tailerrak eskaintzen ditu Alzheimerra duten edo hasierako fasean dauden beste dementzia batzuk dituzten pertsonendako. Tailerrak Eibarren dira, baina Debabarreneko edozein herritarrek har dezake parte. AFAGIk jakinarazi duenez, leku gutxi geratzen dira tailerretan.

Gipuzkoako Senideen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren baten duten pertsonen AFAGI elkarteak eskaintzen dituen tailerren helburua da Alzheimerra edo beste dementziaren bat duen pertsonaren bizi kalitatea hobetu eta narriaduraren ibilbidea moteltzea, estimulazio kognitiboa landuz.

 

Eguneroko bizitzakoak ere bai

Horrekin batera, tailerrean, funtzio kognitiboak (oroimena, lengoaia, arreta, orientazioa...), eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak (garbiketa pertsonala, elikadura...), jarduera instrumentalak (diruaren erabilera, telefonoaren erabilera...) eta gizarte-harremanak indartzeko eta mantentzeko ekintzak egingo dira.

Uztailera arteko saioak izango dira, astean birritan -astelehenetan eta eguenetan-, 11:00etatik 12:30ak arte. Parte hartzeko, AFAGIko talde profesionalak eskatzailearen balorazioa egingo du lehenengo.

Tailerretan parte har dezakete narriadura kognitibo arina, Alzheimer gaixotasuna edo hasierako fasean dauden beste dementzia batzuk dituzten pertsonek.

Izena emateko afagi@afagi.eus helbidera idatzi edo 943 297 118 telefonora deitu.