Amaitu da “jende zoragarriaren” ikasturtea

Amaitu da “jende zoragarriaren” ikasturtea
2017/06/02 eta kitto!
Debabarreneko Esperientzia Eskolaren XIII. edizioak ateak itxi zituen joan den barixakuan. Ikasleek ikasturte amaierako diplomak jaso zituzten familia eta lagun artean, baina paper zati bat baino gehiago eraman zuten etxera. Ezagutza handiagoa, bizitzan aktibo jarraitzeko gogoa eta, batez ere, lagunak. Ez pentsa, hala ere, eurak besoak gurutzaturik geratu direnik, bi proiektu prestatu baitituzte Soraluze eta Eibarreko herritarrei eskaintzeko.

 

Debabarreneko Esperientzia Eskolaren XIII. edizioa hasi baino lehen ikasle denek “beldur pixka bat” zutela aitortu zuen kurtso amaierako ekitaldian Martxel Larrea ikasleak. Ikasturte hasieran 50 urtetik gorako 21 lagun bildu ziren (tartean 16 eibartar) kezka sozial eta kulturalak partekatzeko; egungo gizartea ulertu, aztertu eta ezagupenak eguneratzeko; parte hartzea sustatzeko; eta ikasketa eta heziketa iraunkorra bultzatzeko. Urriaren 25ean, kurtsoa hasteko egunean, beldurrak uxatu eta gogoz heldu zioten erronka berriari.

Larreak aitortu zuenez, “hizlari apartak jaso ditugu, jakintsuak izateaz gain, gaiak ondo azaldu eta gure zalantzak argitu zituztenak”. Denetariko gaiak tratatu dituzte ikasturtean zehar (osasuna mantentzea eta hobetzea, teknologia berriak, komunikazio gaitasunak, filosofia, psikologia, astronomia, ekonomia, zuzenbidea eta garapen jasangarria, besteak beste), eta horrek “eskolara lehen aldiz doan umearen ilusioa berriz sentiarazi dit”, adierazi zuen Felipe Zubiate ikasleak.

 

Ezagutzaren uzta beteta

Hainbat lagunek animatuta eman zuen izena Zubiatek Debabarrenako Esperientzia Eskolan. “Jendea ezagutuko duzu”, esaten zioten denek, eta kurtso amaierako ekitaldian adierazi zuenez, “ezagutu dudan jendea zoragarria izan da”. Berba horiek entzutean beste ikaskideen hitz politak jaso zituen hizlariak, denek partekatzen dutelako iritzi bera. “Jende paregabe eta zoragarria zarete, eta kurtso paregabe eta zoragarria pasarazi didazue”.

Larreak ere izan zituen ikaskideekiko berba gozoak. “Jende on eta jatorra batu gara, eta ondo moldatu gara”, adierazi zuen denei eskerrak eman aurretik, “asko eman didazue”. Baina ikaskideak goratzeaz gain, Eva Perez Albeniz Debabarreneko Esperientzia Eskolako koordinatzailearen papera goraipatu zuen. “Nagusiak garenez jendeak pentsatzen du formalak garela eta errespetua daukagula, baina hori ez da beti horrela eta berak beti aurpegi ona jarri digu”, esan zuen ikaskideen barre eta onarpenen artean.

 

Proiektuak Soraluze eta Eibarren

Ezagutza xurgatu eta partekatzeaz gain, ikasturtean zehar bi proiektu garatu dituzte Soraluze eta Eibarko herritarrei hainbat ekarpen egiteko: ‘Soraluzen luzatu’ eta ‘Jantzitako zakarrontziak’.

Goyi Vicente ikasleak adierazi zuenez, “gaitasun fisikoa hobetzeko pentsatutako ekimena da ‘Soraluzen luzatu’”. Ikasten elkarteak Eibarren kokatzen ditu bere jarduerak batez ere, eta eskualdeko herrietara zabaltzeko asmoa erakutsi nahi izan dute horrela. Pilar Arin hezkuntza fisikoko irakasleak luzaketek eskaini ditzaketen onuren gainean hitzaldia eman zien, eta ekimen honekin Soraluzen luzaketak egiteko taldea sortzea da asmoa.

‘Jantzitako zakarrontziak’ proiektuarekin Eibarko zakarrontzien erabilera bultzatu nahi da eta ‘Eibar garbia: erabili nazazu’ da bere goiburua. Zubiatek adierazi bezala, “gizatasun faltaren inguruan eztabaidatu dugu ikastaroan zehar, eta zakarrontziak gero eta gehiago erabiltzen direla ikusten badugu ere, oraindik zakar asko lurrera botatzen da”. Kexa hutsetik haratago joan nahi izan dute Esperientzia Eskolakoek, “eta ikuspegi konstruktibo batetik, sormena erabiliz, zakarrontziak janztea pentsatu dugu”. Neurri honen bitartez, “zakarrontziak nabarmendu egingo dira eta erabiliak izateko gonbidapena egingo dute”.