Anbulantzia-gidariak babesgabe sentitzen dira

Anbulantzia-gidariak babesgabe sentitzen dira
2020/04/02 eta kitto!
Osasun sistemako langileek duten guztia ematen dihardute koronabirusari aurre egiteko. Lehen lerroan egiten dute lan gaixoak sendatzen eta, kasu askotan, behar bezalako baldintzarik gabe. Osasun sistema horren barruan berebiziko piezak dira anbulantzia-gidariak eta ez dute ihes egin koronabirusaren atzaparretatik.

Gerritek copia

ELA sindikatuak martxoaren 13an jakinarazi zuenez, Ambuiberica Gipuzkoako bi anbulantzia-gidari behaketan zeuden babes neurri eraginkor gabe koronabirusa zuen gaixo bat eramateagatik, eta enpresak anbulantzia-gidarien segurtasuna bermatu behar zuela salatu zuen.

Anonimotasuna mantendu nahi duen anbulantzia-gidari batek esan digunez, behaketan zegoen langile bat lanean hasi da dagoeneko, baina besteak positibo eman zuen koronabirusaren proban eta koarentenan dago. Eta hau ez da positibo eman duen Ambuibericako langile bakarra. “4 lankide gehiagok eman dute positibo, 12 daude koarentenan eta beste 3 daude emaitzen zain”, esan digu gure iturriak.

Norbere Babeserako Ekipamendu (NBE) barik ibili izan dira lanean, “amaitu egin zirelako”. Orain jasotzen dituzte, “baina apurka-apurka eta osatugabe”. Beraz, babesgabe sentitzen dira. “Langile guztiok ez ditugu beharrezko babes neurriak, NBEak osatugabeak dira eta ahal den moduan inprobisatzen dugu. Behar dugun momentuan materiala eskaini ahal digun logistika zerbitzu egoki baten beharra dugu”.

 

Bi orduko ikastaroa

Anbulantzia-gidariek koronabirusaren prebentzioari eta NBEak jantzi eta eranzteari buruzko bi orduko online ikastaroa besterik ez zuten jaso, gure iturriak dioenez. Beraz, eskaini dieten formakuntzarekin eta babes-neurriekin ahal dutena egiten dute lana modu egokian egiteko. “Gaixoekin gaudenean bi metroko distantzia mantentzen dugu”.

Koronabirusa duten pazienteak artatu behar dituztenean NBEak janzten dituzte, baina gutxieneko kasuak dira. “Orokorrean sorospen zerbitzua eskaintzen dugu, eta guk maskara kirurgikoa eta eskularruak janzten ditugun bitartean, pazienteei maskarak eta eskularruak ematen dizkiegu. Gero, balorazioa egiten dugunean, pazienteek duten sintomengatik koronabirusa izan dezaketela susmatu dezakegu (eztula, arnasteko arazoak, sukarra eta bestelakok)”.

 

Karga psikologiko handia

Anbulantzia-gidarien lan karga handitu egin da koronabirusaren ondorioz. “Abisuen kopurua handitu egin da eta, jarraitu behar dugun protokoloaren ondorioz (NBEak jarri eta kentzeak, anbulantziak desinfektatzea…), atsedenerako denbora gutxiago dugu kasu batetik bestera. Horrela, karga psikologikoa handiagoa da”.

Gainera, koronabirusak hankaz gora utzi du langileen egutegia. “Sasoi honetan oporrak zituzten langile batzuek beste batzuen postuak bete beharko dituzte”. Hala ere, enpresak ez du aurreikusi zer egin langileak gaixotzen badira. “Egoerak gertatu ahala hartuko dituzte erabakiak”. Horrela, gure iturriak uste du asetasun kasuak eman daitezkeela.

 

Argazkia: Ambuiberica.