‘Andrezaharraren manifestua’ liburuaren inguruko solasaldia egongo da bihar Portalean

‘Andrezaharraren manifestua’ liburuaren inguruko solasaldia egongo da bihar Portalean
2022/03/22 eta kitto!
Mariluz Esteban egileak ‘Andrezaharraren manifestua’ liburua aurkeztuko du bihar, 18:30ean, Portaleko areto nagusian, Ainhoa Aldazabal filologo eta literatura feministan adituarekin. Egileak eta filologoak liburuaren inguruan jardun ondoren, solasaldia egingo da ekitaldira joaten direnekin.

Eibarko Martxoaren 8ko lan-taldeak antolatu duen ekintzetako bat da hau eta hilabetearen azken egunetan bagaude ere, ez da azkena izango. Izan ere, hilaren 24an, mahai-inguru bat egingo da “Emakumea eta Kirola. Eta orain, zer?” izenburuari jarraituta. Bertan Eibarko emakume kirolariek hartuko dute parte eta Ipuruako foball-zelaiaren instalazioetako 13. prentsa-aretoan egingo da. Jarduera hori Eibar Kirol Elkarteak antolatu eta finantzatu du.

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzekin amaitzeko, Juan San Martin Liburutegiak, Berdintasun-Andretxea zerbitzuarekin lankidetzan, martxoaren 8arekin eta emakumeekin lotutako irakurketa-gida bat, Heldu/leku feministak (8M 2022)  izenekoa prestatu du, baita interesgune bat ere.