Arrate Irratia lizentzia eskuratzeko aukera barik

Arrate Irratia lizentzia eskuratzeko aukera barik
2012/10/30 eta kitto!

Gabon bezpera zan: 1959ko abenduaren 23a Arrate Irratiak, on Pedro Gorostidiren eskutik argixa ikusi ebanian. Arrakasta ikaragarrixa lortu eban, gaiñera, bere euskarazko programaziñuarekin eta musikiakin. 1964an, baiña, orduko agintarixak ixtia erabagi eben: hamalau urte iraungo eban itxialdixak. 1978xan Arrate Irratia Elkartea sortu zan arte. Modu apalian izan bazan be, urte hartako julixuan hasi zan emititzen barriro FM-n. Lau hillabete iraun eban bakarrik; eta beste lau urte ixillik. Baiña ez geldirik: biajiak Madrillera, Gasteizera gero, hamabi milla firma batu, ehun bat Udalen oniritzixa jaso... bide luzia. Azkenian, 1982ko abenduaren 30ian martxan ipiñi eta gaur arte, bere entzulieri fiñ erantzunez.
Hiru tokittan eskatuta
Gaur egungo egoeria ez da urte haietakua eta Arrate Irratiak sendo hartu dau tokixa irrati munduan, euskerazkuan batez be. Gipuzkuan eta Bizkaixan entzuten da gehixen eta jarraitzaille sutsuak dittu, “egun osuan jarraitzen dabenak”. Dana dala, irratixak ez detsa lagatzen entzule gehixago izateko asmuari eta toki gehixaguetara heltzekuari.
Horregaittik eskatu eben lizentzia bat: “34 frekuentzia banatu bihar zirala enterau giñanian, guk hiru tokittan eskatu genduan; hortik bi bata bestiaren onduan, jakinda be holakuetan bakarra jasoko genduala”, diño Bernardo Ibarra Arrate Irratiko zuzendarixak. Itxaropenik bazeken. Iraillaren 14an Lakuatik abixua jaso eben: “Bi egun lehenagoko, iraillaren 12ko, fetxia daka. Eta hor esaten zeskuen Eusko Jaurlaritzak eskaera asko jaso zittuala eta denbora biharko zala FMko lizentziak zeiñi emon erabagitzeko”. Horrek lana eskatzen dabela jakinda, lasai geratu ziran Arrate Irratikuak. Baiña handik aste bira lizentziak emoten hasi zirala jakiñ eben: “Interneten ikusi neban nik. Iñork ez zeskun ezer bialdu ofizialki, baiña Lakuara deittu genduan eta guretako ezer ez zeguala esan zeskuen”, diño Ibarrak.
Arrate Irratiaren kasuan dira beste emisora asko, euren esparruetan indar asko dakenak, 40 urtetan biharrian diharduen Bizkaiko Radio Popular kasu, edo Bizkaia Irratia. Kanpuan geratziaz aparte, horren motibaziñua ez dabe argi ikusten kaltetuak: “Ez da normala sei hillabete itxaron bihar zala esan eta egun batetik bestera, hauteskundien bezperan, FMko lizentzia guztiak adjudikatzia... eta adjudikatu diran moduan gaiñera”. Arrate Irratikuen ustez, “erabagixak hartu daben mahaixan ezer ez dakizenak dagoz edo larregi dakixenak”. Horren adibide moduan jartzen dabe Onda Vascari gertatutakua: lehen Herri Irratia zana frekuentzia barik laga dabe Bizkaian eta Gipuzkuak eta bai emon detsela Gasteizen. Badira beste kasu batzuk be: Hamaika Irratiak ez hamaika, baiña lizentzia asko lortu dittu, Radio Líder Euskadik lortutakuak be ezustia ekarri dabe eta ikusten da estatu maillako hainbat talde indartsu izan dirala bentaja gehixen etara dabenak: hor dagoz Prisa, Planeta eta Vocentoren kasuak. Planetako Onda Cerok hiru lizentzia eskuratu dittu Uniprex soziedadiaren bittartez. Estatu osorako parrilla dakenak bentajia izan dabe banaketa honetan, Euskal Herrirako programaziñua dakenak kaltetuta urten diran bittartian.
Euskeria gutxietsitta
Hortik aparte ikusi geinke, “erdaraz bakarrik jarduten daben kate musikal bati” lizentzia emon detsela. Halakuak argi erakusten dabe aurreko legegintzaldixan Komunikabidien Legiaren oiñarrixak prestatzen ibilli zan Ramon Zallo Komunikaziño Zientzietan doktoriak aurreratu ebana urte hasieran frekuentzien dekretu erregulatzaillia sortzen hasi ziranian: “Banaketa horretan euskeriak galtzen urtengo dau, batez be bi hizkuntzetan jarduten eben irratiak ez diralako kontuan hartu”.
Errekursua sartzeko aukeriaz galdetu detsagunian, Ibarrak ez dau uste askorik lortuko dabenik horrekin: “Ofizial egitten danian ikusiko dogu. Alegaziñua? Zergaittik ez... baiña gatxa izango da”.
Animoso dagoz, dana dala, Arrate Irratian, sasoi gogorreri aurre egiñez: “Gerrikua lotuta, baiña aurrera goiaz, astiro. Hori bai, gitxi gara; ez gara dozena bat laguneko irratixa”. Neurketak-eta halakuak egin barik be, gero eta entzule gehixago dakelakuan dago Bernardo. Non gehixen? “Gipuzkuan akaso, batez be beste kultura bat dagualako euskarazko irratigintzaren inguruan. Hamen sasoi batian Segura, Loiola eta Arrate zeguazen eta ordukuari ohittu zan jendiak eusten detsa”.