Aspace: 50 urte inklusioa bermatzen

Aspace: 50 urte inklusioa bermatzen
2022/07/12 eta kitto!
Urte garrantzitsua da Aspace Gipuzkoa elkartearentzat: 50. urteurrena ospatzen ari dira. Azken urteotan aldaketa sozial ugari egon diren arren, ASPACEren helburua ez da aldatu: garun-paralisia edota antzeko alterazioak dituzten pertsonen eta haien senideen bizitza kalitatea hobetzea. Oso pozik daude San Juan jaietan Eibarko herriak egin dien omenaldiarekin eta euren esker ona adierazi nahi izan dute urte hauetan jaso duten babesagatik. Hala ere, inklusioaren alde bidea egiten jarraitzeko beharra gogoratu digute.

Aspace Gipuzkoa elkartea izan da omenduetako bat aurtengo San Juan jaietan. Elkartea ordezkatzen Gorka Olañeta eibartarra ikusi dugu jaietako hainbat ekitalditan. Udaletxeko balkoira igo zen Gorka pregoian parte hartzeko eta txupinazoa botatzen ere egon zen. Hori baino lehen, dultzaineroen kalejiran parte hartu zuen aurtengo beste omenduekin eta udaleko ordezkari politiko guztiekin batera. Pozik dago Gorka jasotako maitasun eta errekonozimenduarekin. Oso egun berezia izan zen berarentzako eta Untzaga plazan bildu zen Aspaceko familia osoarentzako (elkarteko umeak, familiak eta profesionalak). 50 urte betetzen ditu aurten elkarteak eta oso eskertuta daude Eibarko Udalak eta herriak eman dien aukeragatik.

Eibarko ikastolan egin zituen ikasketak Gorkak, eta informatikako prestakuntza ere jaso zuen. Gorka itsua da eta ez du ehuneko ehunean betetzen Aspaceko kideen profila. Hala ere, berak kontatu digunez, Aspacen aurkitu du bere lekua. Lehendik ere ezagutzen zuen Gorkak elkartea, bazkarietara eta bisitan joaten zelako, baina 2016an, orain dela sei urte, hasi zen Aspacek Arrasaten daukan eguneko jardueren zentrora joaten.

Lehengo hilabeteetan probatzen ibili zen eta zentroan egiten diren bi zerbitzu edo lan-mota ezagutu zituen: garbiteria eta otargintza. Gehien gustatu zitzaiona garbiteria izan zen, eta horretan dihardu gaur egun ere. Garbiteriako langileek eguneko zentroko eta etxebizitza-zerbitzuko arropak garbitzen, sailkatzen eta lisatzen dituzte. Izan ere, familiarik ez daukaten edo euren etxeetan arreta jaso ezin dezaketen Aspaceko erabiltzaile batzuk etxebizitzak konpartitzen dituzte Arrasaten bertan eta hangoei ere arropa-garbiketa zerbitzua eskaintzen diete Gorkak eta bere lankideek.

Hobeto jendez inguratuta
Arrasateko eguneko zentroko eta etxebizitzetako erabiltzaileak, 33 inguru, elkarrekin ibiltzen dira lanean, batzuk garbiterian eta beste batzuk otargintzan. Goizeko 09:00etatik 17:00etara egoten da Gorka Arrasaten, eta gero Eibarrera bueltatzen da. Gustura sentitzen da Gorka eguneko zentroan eta, orain dela urte batzuk hain ondo egongo zela jakin izan balu, lehenago hasiko zela esan digu. "Askoz hobeto nago jendez inguratuta egun osoan etxean sartuta baino. Oso gustura joaten naiz", esan digu. Orain dela gutxi Gorkaren amak osasun-arazo bat izan zuen, mokorra apurtu zuen, eta Gorka pare bat hilabete egon zen Arrasateko etxebizitza batean bizitzen. Etxebitza hauetan bizi direnentzako laguntza gehiago beharrezkoa dela dio Gorkak: "paseo txiki bat emateko, kafetxo bat hartzeko.... bestela oso gutxi irtetzen dira kalera".
Sanjuanetako omenaldia poztasun handiarekin gogoratzen du Gorkak: "Oso intensoa izan zen, dena batera. Egun batzuk aurretik ea urduri nengoen galdetzen zidaten lagunek eta ezetz esaten nien, izatekotan egun berean jarriko nintzela, baina ez aurretik. Dultzaineroen ongietorrian eta kalejiran egon nintzen, udaletxeko balkoitik hitz batzuk esan nituen eta ondoren txupinazoa bota nuen. Oso polita izan zen".

Aspace Eibarren
Rosa Iglesias garun-paralisia daukan neska baten ama da. 22 urte daramatza elkartean eta orain, gainera, elkarteko presidenteorde moduan dihardu. Rosaren berbetan, "50. urteurrenean eskerrak eman nahi dizkiogu gizarteari (familiak, boluntarioak, enpresak, erakundeak...) jasotako laguntzagatik, eta aldarrikatu nahi dugu egindako guztiak jarraipen bat daukala, behar handiak dauden pertsonak daudela eta jarraitu behar dugula inklusiorako bide horretan".
Aspacek Eibarren daukan zentroa 1973an jaio zela azaldu digu Rosak. Gipuzkoako bigarren zentroa izan zen, Donostiakoa eta gero, eta Peli Egaña eibartarrak eta beste hainbestek garai hartan egindako lan izugarria ekarri digu gogora.Eibarko zentroa hezkuntzan dago espezializatua eta bertara joaten dira garun-paralisia edo antzerako alterazioren bat daukaten adin txikikoak. Eskola Santaines kalean dago, Argatxa eraikinean, kiroldegiaren parean.

Eskola inklusiboa, herrikoa
Rosak dioenez, "Eibarkoa eskola inklusiboa da, herrikoa. Gure umeek herriko ekintza eta jaietan parte hartzea oso garrantzitsua da. Txupinazoan egotea edo jaietan aktiboki parte hartzea guretzako oso garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da garun-paralisia duten pertsonen errealitatea ezagutzera ematea gizartean, inpaktu positiboa sortuz".
Bisibilitatea eta normalitatea funtsezkoak dira Aspaceko umeentzat, eta "herrietako ekitaldi desberdinetan, adibidez multikiroletan edo festetan, edozein umek bezala parte hartu beharko lukete. Agintariei helarazi nahi diegun mezua da gure eskola beste edozein eskola bezalakoa dela, Eibarkoa, herrikoa. Askotan ez dira konturatzen eta gogorarazi egin behar zaie. Umeak konturatu egiten dira, eta ikustea modu inklusibo batean parte hartu dezaketela… horrek ez dauka preziorik. Eskerrak gizarte honetan pausoak ematen ari garen, baina hori da 50 urte hauetan hainbeste aldarrikatu dena: inklusioa. Bide luzea egin da, baina oraindik gauza asko daude hobetzeko".

Laguntza, ezinbestekoa
Elkarte handia da Aspace: 472 lagun eta beraien familiak, 340 profesional, 126 boluntario... Dexente profesionalizatu da, baina familiek pisu handia izaten jarraitzen dute. Aspace Gipuzkoa errealitate bat izatea garun-parilisia duten seme-alaben mesedetan inplikatzen jakin zuten familiei esker izan da, beraiek zabaldu zuten errealitate hau Gipuzkoa osoan. 50 urteren ondoren, beste familia batzuek hartu dute errreleboa.
“50 urte inklusioa bermatzen” Aspace Gipuzkoaren 50. urteurreneko erakusketa ibiltaria egon da ikusgai Untzagako jubilatuen egoitzako erakusketa aretoan. Rosa Iglesiasek azaldu digunez, "gurea bezalako elkarte batek laguntza behar duela aldarrikatu nahi izan dugu erakusketarekin. Laguntza guztiak ongietorriak dira: erakunde, enpresa pribatuak, boluntarioak... edozeinenak izanda ere".

Aspace2 Aspace3 Aspace4 Aspace5 Aspace6