Auzorik auzo egindako bileren aktak eskuragarri ipini dituzte

Auzorik auzo egindako bileren aktak eskuragarri ipini dituzte
2012/01/27 00:00
eta kitto!

Miguel de los Toyos alkateak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, "auzorik auzo egin ditugun bilerak oso positiboak izan dira eta aurrerantzean ere bide horretan beharrean jarraitzeko asmoa dugu". Urrian hasi eta abendua bitartean, 7 bilera egin zituzten agintariek (politikari, udal-teknikari eta udaltzainek), auzokideen ahotik zuzenean euren kexa, iradokizun eta bestelakoak entzun eta jasotzen joateko asmoarekin. Bilerek herritarren aldetik interes handia sortu dute kasu guztietan eta joandakoak zenbatzen ibili ez badira ere, "bataz beste 900 bat lagun" joan dela kalkulatu dute. Horregatik, aurtengo urte amaieran berriz ere beste bilera-erronda bat egiteko asmoa dutela aurreratu du alkateak.
Bilera bakoitzean esandakoak idatziz jaso dituzte eta horiek guztiak gaian interesa duten herritarrei helarazi nahi dizkiete orain. Horretarako, Udalaren webgunean bileretako aktak irakurri eta jaisteko moduan ipini dituzte eta, horrez gain, auzo bakoitzean, ahal dela bilera egin zuten tokian bertan, akten kopiak inprimatuta lagako dira. Eta interneten ibiltzen ez direnek Pegoran akten kopiak eskuratzeko moduan aurkituko dituztela argitu nahi izan dute. Orohar, akzesibilitateari lotutako kontuak izan dira auzo guztietan gehien errepikatu direnak, "txakurren eta kaleko katuen kakekin" lotutakoekin batera.
Herritarren bileretan jasotakoak hiru hilerik behin eguneratzen joango dira eta, bilerekin jarraitzeko asmoa izanda ere, argi laga nahi dute "herritarrek edozein unetan eta horretarako dauden baliabideak erabilita" Udalari euren kezka zein proposamenak helarazteko aukerak zabalik jarraitzen duela.