[AZKEN ORDUKOA] Arratsaldeko manifestazioak atzeratzea erabaki du Zaldibar Argituk

[AZKEN ORDUKOA] Arratsaldeko manifestazioak atzeratzea erabaki du Zaldibar Argituk
2020/03/12 eta kitto!
Oraintxe bertan sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez, Zaldibar Argitu plataformak gaur arratsalderako deituta zituen manifestazioak atzeratzea erabaki dute: “Azken hilabete honetan esan dugun moduan, gure osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzea da gure helburua eta arduraz jokatu nahi dugu oraingo honetan ere, koronabirusa dela eta”. Hala ere, gaineratu dutenez, “langileak aurkitu arte, gure osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzeko eta ingurumena zaintzeko neurri zehatzak hartu arte lanean jarraituko dugu”.

Zaldibar Argitu plataformak deituta lanuztea egin da gaur eguerdian, 12:00etatik 15:00etara Eibar, Elgeta, Zaldibar, Mallabia eta Ermuan. Herri bakoitzean manifestazio bana egin da, 12:30ean.

https://youtu.be/3P3FZdyAa-M

Untzagatik abiatu da Eibarko manifestazioa eta, amaieran, plataformako bozeramaileek jarraian osorik irakur dezakezuen agiri hau irakurri dute:

ZALDIBAR ARGITU-REN IRAKURKETA 


Lehenik eta behin, zorionak eta txalo bero bat zuek guztiontzat! Gure herriak gelditu ditugu! Ermuan, Zaldibarren, Elgetan, Mallabin eta Eibarren nahikoa dela esan dugu eta beste behin herritarrek erantzun dute, zorionak!

Asko dira gure herriak gelditzera eraman gaituzten arrazoiak. Hilabete baino gehiago pasa da eta batzuen berbak entzunda badirudi guztia konpondua dagoela, baina ez. Oraindik Joaquin eta Alberto lurpean daude, eta beraiek topatzen jarri behar dira indar eta baliabide guztiak.

Era berean, erori den zabor hori guzti hori hortik atera behar da, amiantoa eta bestelako sustantzia toxikoak toneladaka daude pilatuta hor, zer ez ote da egongo han barruan! Horrek inguruko biztanleok arriskuan egotea dakar, edozein unetan piztu baitaiteke sua edo beste luiziren bat egon. Gainera, gure osasunarekin jolastu dute eta jolasten jarraitzen dute, datuak ez dira publikoak eta lasaitasun mezua eman arren ez dira ausartzen agentzia independiente batek neurketak egitera.

Gure bizitzak dira, gure gorputzak. Haurrak kalean lasai ibiltzea eta iturriko ura lasai edatea nahi dugu, haurdun dauden emakumeak edo haur jaioberriak dituztenak osasun arazorik ez izatea nahi dugun bezala. Arreta jaitsi bada ere arazoak hor dirau, egia osoa jakiteko eskubidea daukagu!

Zein dira katastrofe honen erantzuleak? Zergatik dago Arriola jauna hain isilik? Zergatik dago Iñigo Urkullu jauna beste alde batera begira? Zuek zarete kontrol faltaren erantzule politiko nagusiak! Onartezinak dira isiltasun konplizeak, higiene demokratiko hutsagatik dimititu beharko zenukete, ezin da 50.000 pertsonaren osasuna arriskuan jarri eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu.

Azkenik, mahai gainean jarri behar dugu hondakinen kudeaketa ezin dela helburu lukratiboak dituzten enpresa pribatuen esku utzi, arduraz jokatu behar da; kudeaketak publikoa eta zorrotza behar du izan. Eredu neoliberalak gure bizitzak erasotzen ditu, gure lurrak, errekak eta arnasten dugun airea kutsatzen du, aldatu ditzagun oinarriak eta berma dezagun guztiontzako euskal lurralde bizigarri bat.

Gogor jarraituko dugu, langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun politiko guztiak argitu arte!

Zaldibar Argitu! Gora herria!

Plataformak, gainera, aldarrikapen zerrenda kaleratzeko baliatu du mobilizazio egun hau:

ZALDIBAR ARGITU!-REN ALDARRIKAPEN ZERRENDA


Zaldibar Argitu! Herri plataforma zabal eta anitza da eta izaera hori bere egiten du. Otsailaren 6ko gertaera larriek herritar ezberdinak aldarrikapen zehatz batzuen azpian batzera eraman ditu, eta aldarrikapen horiek plazaratzea, agenda mediatikoan jartzea zein horiek bete daitezen lan egitea izango du helburu. Ondorengo hauek dira Zaldibar Argitu!-k bere egin eta defendatuko dituen aldarrikapenak

  1. Langileak ahalik lasterren aurkitzea, senideei behar duten babesa eta laguntza eskainiz. Erakunde publikoak interpelatzea zeregin horretan burubelarri murgildu daitezen.


2. Zaldibarko zabortegiaren inguruan gertatu dena, erorketa, zigorrik eza, hondakinen trataera irregularra etab. argitzea.

3. Zabortegian zer dagoen zehaztasunez jakitea.

4. Erori den zabor horrekin guztiarekin zer egin erabakitzeko prozesuan herritarren partaidetza bermatzea.

5. Orain zabortegian lanean ari diren langileen segurtasuna bermatzea.

6. Airearen, uraren eta lurraren kalitatearen neurketak sistematikoki burutzea urtean zehar eta gardentasunez helaraztea informazioa inguruko herritarrei. Informazio horren jasoketa, neurketa eta argitarapena agentzia independiente batek egitea.

7. Higiene demokratiko hutsagatik, erantzukizun politikoak eskatzea, Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak auzi honetan duen ardura bere gain hartuz ondorio guztiekin. Zabortegiarekin lotura eta parte-hartze zuzena duen Iñaki Arriolaren dimisioa, ardura zuzen eta esplizitua baitu zabortegiaren sorreran, bere kontrol faltan eta kudeaketa klientelarrean.

8. Zaldibarko gertaerarekin zuzenean lotuta dauden enpresaren, erakundeen eta eragileen erantzukizun zehatzak zein diren argitzea, eta informazio hori publikoa izatea.

9. Osasun publikoari eta herritarron bizi kalitateari dagozkion gaietan herritarren partaidetza bermatzea, beharrezko lege aldaketak eginez eta herritarrei uneoro informazio gardena eskainiz mekanismo publikoen bidez.

10. Hondakinen kudeaketa  publiko, zuzen eta zentzuzkoa aldarrikatzea, egungo ereduaren birplanteamendu sakon eta zabala eginez.

11. Erakunde publikoek, beharrezkoa den trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialerako bideorri argi eta zehatz bat bere egin eta eduki argietara konprometitzea, Zaldibar moduko gertaerak berriz errepikatu ez daitezen.