Baldintza bereziekin hasiko da ikasturtea Eibarko ikastxeetan ere

Baldintza bereziekin hasiko da ikasturtea Eibarko ikastxeetan ere
ETA KITTO 2020, Ira 04

Pandemiak ekarri dituen baldintza berezietan hasiko dute ikasturtea Eibarko ikastetxeek. Txikienak irailaren 7an, astelehena, hasiko dira, eta handik astebetera DBH-3tik aurrerakoak. Urduritasuna nagusi da. Jarraitu beharreko protokoloa aurreko astean eman zuen ezagutzera Hezkuntza Sailak, baina gure herriko ikastetxeetan ez dira geldirik egon. Denbora asko daramate itzulera antolatzen. Uztailean prest zituzten kontingentzia-planak. Hala ere, oraindik erantzunik gabeko galderak daudela diote.

Sei hilabete eman dituzte haur eta nerabeek ikasgeletara joan gabe. COVID-19ak hilabete konplikatuak eta gogorrak ekarri ditu etxeko txikientzako ere, eta astelehenetik aurrera ikastetxe barruko “normaltasun berrira” egokitu beharko dira.

Ez dira guztiak batera hasiko: DBHko 3. mailatik aurrerakoentzako eta Lanbide Heziketakoentzako beranduago hasiko da berritasunez beteta datorren 2020-2021 ikasturtea.

Eskoletan sartzeari buruzko osasun-neurriak uda osoan aipatu badira ere, Hezkuntza Sailak aurreko astean zehaztu zituen. Protokoloa berandu heldu zaie ikastetxeei. “Sekulako urduritasuna sortu da, abuztuaren amaierara arte itxaron behar izan dugu-eta. Berandu da, baina, bestalde, ulergarria izan daiteke azken momentura arte itxarotea, egoera zein den ikusteko eta egoera horretara ahalik eta hoberen moldatutako planak proposatzeko”, uste du Juankar Olaeta Aldatze ikastetxeko zuzendariak.

Abuztuaren amaieran Hekuntza saileko agintariek iragarri zutenez,  “6 urtetik gorako ikasleek maskarilla eraman beharko dute nahitaez, 1,5 metroko distantzia bermatu arren, eta ikastetxe bakoitzak arduradun bat izendatu beharko du, zentroaren bilakaera epidemiologikoa gainbegiratzeko”.

Ikastetxeak uda aurretik lanean
Ikasturte berrian bete beharreko baldintzen zehaztasunak  orain dela egun gutxi iritsi badira ere, ikastetxeak ez dira geldirik egon eta nork bere kontingentzia-plana landuta zeukan udako oporren aurretik. “Lan handia egin dugu ikastetxe barruko protokoloa prestatzeko, eta gurasoei uztailean jakinarazi genien. Egoera etengabe aldatzen doa, eta orain, irailean, Hezkuntza Sailetik igorritako neurrietara egokitu behar izan dugu”,  azaldu digu Ane Egidazu San Andres ikastetxeko ikasketa-buruak. Berritasun handiena maskarillen erabilera izan da: “6 urtetik gorako guztiek eraman beharko dituzte, baita gela egonkor edo burbuila-taldeetan ere”.

Aldatze ikastetxean ere ikasturte hasierarako planifikazioa, prebentzio-neurriak eta informazio guztia uztailean jarri zuten gurasoen esku, “era pedagogiko batean, infografia baten bidez”, adierazi digu Juankar Olaeta Aldatzeko zuzendariak. Osasun-neurriak eta arlo teknologiko eta emozionaleko gomendioez gain, hor azaltzen zuten, besteak beste, ikastetxea sektoretan banatuta egongo dela (“sektore blokeagarriak” deitzen direnak; zerbait gertatuz gero eta itxi behar baldin bada, sektore hori bakarrik izatea, eta ez ikastetxe osoa). Horrez gain, “plano batzuen bitartez zirkulazio-fluxuak egin genituen, guztiok jakiteko ikastetxean nondik ibili ahal izango garen, ez baita izango eremu guztiz librea”, dio Olaetak. Bizikidetza-talde egonkorrak sortzea aurreikusi zuten, orain Jaurlaritzak atera duen protokolo osagarrian ere agertzen  dena.

Protokoloak egiteko ikastetxeen aldetik lan ona egin dela uste du Olaetak: “Defentsa-plan on bat eginda dago. Horrek dena konponduko duela? Ez dut uste gehiago egiterik dagoenik. Ematen du dena jokatzen dela ikastetxean, baina nire ustez guztiz kontrakoa da, dena jokatzen da ikastetxeetatik kanpo. Europan ikusten ari denez, egon diren kutsatzeak kanpotik heldu dira ikastetxeetara, eta ez alderantziz”. Gizarte osoari eta eskolei ere dagokie, bere ustez, umeak eta gazteak kontzientziatzea, “gure kasuan gaia eskola curriculumean txertatuz”.

Burbuila-taldeak  
Ikastetxe barruan talde egonkorrak edo burbuila-taldeak  mantendu eta errespetatu beharko dira, hau da, “maila  desberdinetako ikasleak ezingo dira euren artean elkartu edo nahastu,  ezta patioko  orduan ere”, azaldu digu Ane Egidazuk. Jolastokiaren ordutegiak ere aldatu egin behar izan dituzte, maila bakoitzak bere eremua eta denbora-tartea izateko. “Gauzak errazteko, ikastetxe ondoan dagoen Txomoko espazioa eskatu diogu Udalari, baina oraindik erantzunaren zain gaude”.

Osasuna eta arlo akademikoa zaintzeaz gain,  arlo emozionalak duen garrantziaz galdetu diogu Aldatzeko zuzendariari, eta, hark dioenez, “haurrek ez dute askatasun osoa izango, baina bizikidetza talde egonkorretan garrantzitsua izango da umeei euren tarteak ematea, ume izateko, jolasteko… Hori ezinbestekoa izango da”.

Sarrerak eta irteerak era mailakatuan
Zenbait ikastetxetako sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egin beharko dira. San Andres ikastetetxearen kasuan  “gure ikastetxearen ezaugarriek sartzeko eta irteteko ordutegi desberdinak jartzera behartzen gaituzte, familiak kointziditu ez dezaten. Badakigu eragozpen handia izango dela gurasoentzat, familia askok adin desberdinetako seme-alabak dituztelako, baina moldatu beharko gara”, dio Anek. Sarreran tenperatura hartuko zaie ikasleei eta eskuak garbitu beharko dituzte geletan sartu eta irteten diren bakoitzean.

Bestalde, ikastetxearen  garbiketaren auzia dago. Instalazioak eta espazio komunak egunean hainbat aldiz desinfektatu beharko dira. “Hezkuntza Sailak maskarillak eta gelak emango dizkigu, besterik ez. Eta oraindik ez dakigu zein desinfektatzaile mota den egokiena instalazioak behar den moduan garbitzeko; oraindik erantzunaren zain gaude.  Horrekin lotuta, udalari garbiketa-zerbitzua areagotzeko eskatu genion, eta oraingoz ez dakigu ezer”, dio Egidazuk.

Ratioak
Ikasgeletako ratioak jaistea irakasleen eta sindikatuen eskaera historikoetako bat da, azken hilabeteetan gero eta indar handiagoa hartzen ari dena (sindikatuen kalkuluen arabera, 6.000 irakasle gehiago behar dira gutxienez). Ikasgelako ikasle kopurua murrizteak osasun-arriskuak gutxitu ditzake, baita haur eta gazteek ikastetxean jasotzen duten arreta hobetu ere, “baina horretarako baliabide gehiago jarri behar dira”. Bai Aldatzen bai San Andresen ratioak Euskal Herriko batezbestekotik gora daude, eta espazioarekin arazoak dituzte. “Egoera honi  aurre egiteko izango diren laguntza gehigarri posibleen zain gaude”, diote. Horrekin lotuta, jangela-zerbitzua eskainiko dute ikastetxeek, baina hor ere zalantzak sortzen zaizkie. “Jangelan maskarilla gabe egon beharko dute, eta konplikatua izango da distantziari eustea, azaldu digu Anek.

Ikasleak gaixotzen badira…
Jaurlaritzak emandako zehaztepenen arabera, ikasle guztiek tenperatura hartu beharko dute etxetik irten aurretik. 37° baino gehiagoko tenperatura duten ikasleek ezin izango dute ikastolara joan eta osasun-zentrora joan beharko dute bertan finkatutako jarraibideak zorrotz betez. Ikastetxe barruan sintoma susmagarriak agertzen badira, “ikaslea isolatu egin beharko dugu. Familiari jakinaraziko zaio. Semea edo alaba berehala jaso eta  osasun-zentro batera joan beharko dira egoera azter dezaten. Bueltatzeko medikuaren txostena aurkeztu  beharko dute”, dio Anek.

Gauzak horrela, laster haur eta nerabeak eskolako eta lagunarteko normaltasun berrian murgilduko dira, zalantzez betetako motxilekin, baina erronka berriei aurre egiteko ilusioarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »