Bazkide berriak egiteko kanpaina abiatu du Biolur elkarteak Debabarrena eskualdean

Bazkide berriak egiteko kanpaina abiatu du Biolur elkarteak Debabarrena eskualdean
2021/11/26 eta kitto!
Ekologikoan ekoizten duten Debabarreneko nekazariak eta hainbat herritar familia-argazkia ateratzeko elkartu ziren aurreko igandean. Argazkia ateratzea baino, helburua beste bat zen, ordea: babes eta elkargune duten Biolur elkartearen Gure lurriña kanpaina aurkeztea. Gizarteari elkartearen berri ematea, eta bazkide berriak erakartzea dira kanpainaren helburuak.

Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko irabazi asmorik gabeko elkartea da Biolur, 1993an sortutakoa. Ibilbide luze horren ondoren, modu ekologikoan lan egiten duten lurraldeko nekazarien, abeltzainen eta okinen erreferente nagusia da gaur egun. Guztira 278 bazkide ditu, eta horietatik 125 bazkide ekoizleak edo baserritarrak dira, eta beste 153ak, bazkide herritarrak. Debabarrenean, 31 dira Biolurreko kide, eta Gipuzkoako gainerako eskualdeei dagokienez, hauxe da banaketa: Goierrin 44, Debagoienean 56, Urolan 47, Tolosaldean 23 eta Donostialdean 55. Gipuzkoatik kanpora elkartea babesten duten beste 22 biolurkide ere badira.

Gure lurriña zabaltzea
Elkartea indartu nahi du orain Biolurrek, eta nahi horretan kokatzen da  Gure lurriña kanpaina. Jendeari bere jardunaren berri eman eta bazkide egiteko gonbita luzatu die, "Euskal Herrian elikadura burujabetza lortzeko eta agroekologiaren bidea egiteko". Gaurko krisi ekologikoaren eta sozialaren testuinguruan, "eragile zein norbanako bakoitzak ditugun erantzukizunez jabetzeko eta ekintzetara pasatzeko" garaia dela uste du elkarteak.

Erronka nagusiak
Elikadura burujabetza lortzeko bidean lau erronka ikusten ditu Biolurrek: elikadura osasungarria eta eskuragarria bermatzea, nekazaritza jasangarria garatzea eta landa-eremu biziak sustatzeko lehen sektoreko erreleboa edota nekazarien lanaren duintasuna bermatzea. Gipuzkoako elkarte horrek "elikadura osasungarria sortzetik eta nekazaritza iraunkorretik" heltzen die erronka horiei, baina modu kolektiboan heldu behar zaiela uste du. Hortik dator bazkide gehiagoren beharra.

Bazkidetza kanpainari  Gure lurriña izena jarri diote,  "gure lurriña zabaltzea, gehitzea eta saretzea nahi dugu". Elikadura burujabetza ardatz hartuta, ekonomia sozial eraldatzailea, tokikoa, jasangarria eta bertako lurrean eta herrietan errotua garatzea da Biolurren jarduna, eta horretan bidelagun izateko gonbidapena luzatzen du.

Ekologikoa kontzeptuaren esanahia zabala dela diote elkarteko ekoizleek, baina, besteak beste, "hazi transgenikorik ezin dugu ekoizpenean erabili, ez eta ongarri kimiko edota pestizida sistemikorik ere. Eta landatzeko lursailak txandakatu egin behar izaten ditugu".

Lau lan lerroko jarduna
Elkarteko eguneroko lana aurrera ateratzeko, hiru teknikari dituzte, eta horiez gain, baserritarren lan boluntarioa eta beste hainbat kideren laguntza ezinbestekoa. Lau lan lerro  jorratzen dituzte. Baserritarrei arloz arloko aholkularitza teknikoa eta formakuntza da bat. Baratzegintzan, abeltzaintzan, frutagintza, okintzan…  ekoizpenari lotutako arazoren bat daukanean, dagokion teknikariarengana edo gainontzeko baserritarrengana jo dezake. Teknikariek, gainera, tarteka bisitak egiten dituzte baserrietara eta formakuntza-saioak ere antolatzen dituzte bazkide zein ez bazkideentzat Nekazaritza ekologikoaren aldeko sentsibilizazio-lana da bigarren lan ildoa. Hala, ekoizpen-eredu horrek naturan eta kontsumitzaileen osasunean eragiten dituen onuren berri emateko hainbat ekimen egiten ditu urtean zehar, azoka ekologikoak horien artean. Hirugarrenik, erakundeekiko harremana dago, "baserritarren eta erakundeen arteko bitartekari lana, eta agroekologiaren aldeko apustu politikoa". Azkenik, EHKOlektiboa, ENEEK-Ekolurra, Neiker edo  Lurgintza  bezalako eragile batzuekin,  arloz arloko proiektu ezberdinetan hartzen du parte, eta, besteak beste, gazteen instalazio prozesuetan ere laguntza eskaintzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Herritarrak Biolur babestuz
Filosofia eta teoriatik harago, giza faktorea da Biolurrek duen beste zutabe bat, bazkideak hain zuzen. Bi eratako bazkideak ditu, ekoizleak alde batetik, eta bestetik, kontsumitzaileak edo bazkide herritarrak. Horientzako "jaten duguna inportantea da gure bizitzarako, eta kontuan izan behar dugu lurretik bizi garela". Uste dute alde handia dagoela baserritar hauek ekoizten dituzten eta denda handietan erosten dituzten produktuen artean.  Azken urteetan produktuak erosteko aukerak handitu egin direla diote, eta, beraz, horrek erraztasunak ekarri dizkiela: "Lehen, azoketara mugitu behar izaten genuen erostera; orain, aldiz, denda batzuetan ere eskura daitezke bertako ekoizleen produktu ekologikoak".

Bazkide egiteko jarraitu beharreko urratsak ere azaldu ditu, gainera: 943 76 14 47 telefonora dei egin daiteke, edota biolur@ biolur.eus helbide elektronikora mezua bidali. Urtean 30 euroko ekarpen ekonomikoa egiten du bazkide bakoitzak, eta trukean elkarteko aldizkaria, Gure lurriña, jasotzen du, besteak beste: "Noski, hori da zuzenean jasotzen duena, baina ulertzen dugu Biolurren jardunak komunitateari egiten dion ekarpena ere jasotzen duela bazkideak", adierazi digute elkartetik.