Bere autuak harrapatuta zauritu den gizon bat helikopteroan eraman dute Karakatetik

Bere autuak harrapatuta zauritu den gizon bat helikopteroan eraman dute Karakatetik
2022/01/16 eta kitto!
Karakate gainean gertatu da ezbeharra, 14:10ak inguruan. Tontorretik gertu, bide bazterrean aparkatuta zegoen autoak jabea harrapatu du, eta zaurituta eraman dute helikopteroan.

Bide bazterrean zegoen aparkatuta autoa, belar gainean, eta autoa asfalto gainera ateratzeko saiakeretan ari zirela gertatu da istripua, dirudienez. Ez dugu informazio zehatzik zer eta nola gertatu den, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiegatik autoa aldapa behera mugitzen hasi da, eta autoaren jabea, 40 urteko gizonezkoa harrapatu du. Maldan behera egin du ibilgailuak eta aurrekaldearekin pinu baten aurka jo duenean gelditu da.

Larrialdietako zerbitzuei deitu diete eta anbulantziak, ertzainak eta suhiltzaileen bi kamioi bidali dituzte Karakate gainera. Osakidetzako helikopteroa ere bidali dute eta lur hartu ahal izateko lekua behar zuela-eta, bertan aparkatuta zeuden ibilgailuen jabeei deika aritu dira, autoa mugi zezaten, horietako asko mendian zebiltzan arren.
Azkenean, helikopteroan eraman dute zauritua, Gurutzetako ospitalera. Lekukoek jakinarazi dutenez, zauritutako gizonak ez zuen zauri larririk, eta "susto handi bat" izan dela azaldu dute.

 

2022-01-16_autoa_istripua_karakate_1 2022-01-16_autoa_istripua_karakate_anbulantzia_suhiltzaile_barren 2022-01-16_istripua_karakate_helikopteroa_antena_barren