Bergarako Larramendin erraustegia ezartzearen kontrako kontzentrazioa egingo da gaur arratsaldean Bergaran

Bergarako Larramendin erraustegia ezartzearen kontrako kontzentrazioa egingo da gaur arratsaldean Bergaran
2021/11/04 eta kitto!
Bergarako herritar talde batek deituta, gaur elkarretaratzea egingo dute Bergarako San Martin plazan, 19:00etan, “Bergarako Larramendin erraustegirik ez” goiburuari jarraituta. Bergarako Larramendi industrialdean industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat ezartzeko asmotan zen Valogreene Paper BC SM enpresa, baina enpresak tramitazio guztia zerotik hasi beharko du, azaroaren 2ko Alkatetza Dekretu bidez baliorik gabe laga duelako Bergarako Udalak Valogreene Paper BC, S.L enpresari Larramendi industrialderako uztailean emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena.

Valogreene Paper BC SM enpresak uztailean aurkeztu zuen hirigintza kontsulta, eta paper lantegien hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatzea proposatzen zuen. Berriak argitaratu zuenez, aurreikuspenen arabera Bergarako plantan urtean 155.000 tona paper hondakin kudeatuko lirateke, paper fabrikek Zaldibarko zabortegira bideratu ohi zituzten hondakinak hartuz.