Bi lagun atxilotu dituzte Eibarko enpresa bati 250.000 euroko iruzurra egiteagatik

Bi lagun atxilotu dituzte Eibarko enpresa bati 250.000 euroko iruzurra egiteagatik
2022/01/28 eta kitto!
Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu Malagan identitatea usurpatzeagatik eta BEC (Business Email Compromise) izenez ezagutzen den metodoaren bitartez Eibarko enpresa bati 250.00 euroko iruzurra egiteagatik. Diruaren erdia berreskuratu dute dagoeneko, baina Eibarko Ertzain-etxeko eta Malagako Polizia Nazionaleko ikerketa-atalen ikerketak zabalik jarraitzen du.

Ertzaintza ohar baten bitartez adierazi duenaren arabera, “2021eko abenduaren 29an, Eibarko zerbitzu-enpresa bateko langile batek email bat jaso zuen, eta igorlea enpresako ustezko arduradun bat zen. Emailean esaten zion 250.000 euroko transferentzia bat egiteko. Horrela hasi zen BEC (Business Email Compromise) izenez ezagutzen den metodoaren bitartez egiten den iruzurra. Horren bidez enpresa bateko langileak engainatzen dituzte ustezko iruzurgileek kontrolatutako kontuetara transferentziak egiteko (normalean diru-kopuru esanguratsuak izaten dira). Zehazki, eta modus operandi bat baino gehiago dagoen arren, ohikoena da iruzurgilea edo hackerra enpresako exekutibo baten kontuan sartzea eta bertatik langile bati eskatzea premiazko transferentzia bat egin diezaiola hornitzaile bati. Beste kasu batzuetan faktura faltsuak egitea ere eskatzen da, kasu honetan bezala”.

Salaketa egin ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen Malagako Polizia Nazionalarekin koordinatuta eta inplikatutako banketxearekin lankidetzan. Horrela, bi gizon atxilotu dituzte, iruzur-delitua eta identitatea usurpatzearen delitua leporatuta.