Bidebarrieta-Urkizu kanalean murgilduta

Bidebarrieta-Urkizu kanalean murgilduta
2020/09/11 eta kitto!
Orain dela hiru urte, 2017ko irailean, aurkikuntza egin zuten Bidebarrieta kaleko Baratze tabernaren erreforma lanetan: kanal zahar bat. Aurkikuntzak atentzioa eman zion Javier Martin Lapeyra arkitektoari eta hipotesi bat planteatu zuen: Bidebarrietako eta Urkizuko kanalek unitate bat sortzen zutela eta, hori horrela izanik, Urkizun zegoen errota hidraulikoaren arrastoak aurkitzeko aukera egongo litzatekeela. Bere ikerketa javitxooo.blogspot.com blogean jasotzen dihardu.

 

Koldo Lizarraldek ‘Ingenios hidráulicos en Eibar’ liburuan jasotzen duenez, XVI. mendean errota hidraulikoa zegoen Urkizun (20 errota inguru zeuden Eibarren). Errotak Ego errekatik Bidebarrieta-Urkizu kanalera zihoan urarekin funtzionatzen zuen eta, Martin Lapeyrak bere blogean dioenez, “kanal hau hondakin arkeologiko bezala esploratu eta dokumentatu beharko litzateke”.

Martin Lapeyrak arreta handiz jarraitzen dihardu Urkizu 2-4 orubeko obrak eta inguruko bizilagunekin berba egin du. Egindako ikerketak, orubeko obretan aurkitutakoak eta testigantzek berretsi egiten dute bere teoria: Bidebarrieta-Urkizu kanala existitu zen. “Hainbatek diote kanalaren jatorria Aurrera eraikinaren inguruan dagoela. Kanalak ura dario eta batzuetan usain txarra dago, baina gutxienez ez dago geratuta eta ibaira irteera du”, idatzi zuen blogean 2019ko abenduaren 23an. Horregatik, Pegoran eskaera egin zuen aztarna hori garbitzeko, aztertzeko eta dokumentu-erregistroa egiteko, “bere egoera arriskutsua delako inguruko osasungarritasunarentzat eta eraikinen egonkortasunarentzat”, Martin Lapeyrak dioenez.

 

Kanala agerian

Eskakizunek erantzunik jasotzen ez zutela ikusita, ikerketarekin aurrera jarraitu zuen Martin Lapeyrak. Erregistroan arakatu ondoren eta kanalaren existentziaren teoria gero eta argiagoa zela ikusita, Urkizuko orubeko obrek bere usteak berretsi dituzte.

Orain dela hilabete, abuztuaren 11n, hondeatzaileak kanala agerian laga zuen. “Hemen nago, errealitate bat naiz, alferrekoa da ni alboratzea”, idazten zuen arkitektoak blogean. Bertan jaso dituen argazkietan argi ikusten da nondik nora doan ustezko kanala. Martin Lapeyraren ustez kanalak bi metroko sakonera izan dezake.

 

Aldundiko arkitektoaren bisita

Urkizuko orubeko obrek aurrera jarraitzen zutela ikusita, Martin Lapeyra Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoarekin kontaktuan jarri zen abuztuaren 25ean. “Berak esan zuen harri-hormazko kanal bat ez zela garrantzizko elementu bat, baina errotaren makinariaren elementuak bazeuden, adibidez, beste kontu bat izango zela”, dio blogean. Arkitektoak erantzun zion bere iritziz Eibarrentzat bai zela garrantzitsua eta, gainera, indusketa-lanak dokumentatu bariko kanala suntsitzen ari zirela ikusita, urgentziazko kontua zela.

Abuztuaren 26an Urteaga Eibarren izan zen obretan dagoen orubea ikusten eta Udaleko arkitektoekin bildu zen, “kontatu didatenez”, Martin Lapeyraren berbetan. Horren ondoren, Txomin del Pozo Sainz arkeologo eibartarra eta Martin Lapeyra Urteagarekin bildu ziren eta bere iritziak jaso zituzten.

Ikerketak aurrera jarraitzen du, eta arkitektoaren blogean gai honen gorabeheren inguruko azalpen zehatzak emateaz gain, jasotako datuetan oinarritutako marrazkiak egin ditu.